Gipuzkoa hein batean, txuri-urdinez jantzia eta girotua da azken egunotan, ikusmina sortu du eta Realak Andaluziako hiriburuan, Sevillan, larunbatean jokatuko duen Errege Koparen finalak. Albiste honi atxikitako irudiak ostiral arratsaldeko lehen ordukoak dituzue, Zubietako erraustegira igotzeko bidean jasotakoak. Realeko jokalariak egunerokoan entrenatzeko baliatzen duen bertako zelaitik autobusez abiatu dira Hondarribiako aireporturantz. Unea ez da oharkabean pasa. Izan ere, Realak berak aurreko egunotan zaletuei ostiral arratsalde honetako 14:00etan bertara joateko deia egina zien, Sevillara joan aurretik taldea agurtzeko.
Albiste honi atxikitako bideo eta argazkietan ikus dezakezuen moduan, zaletuen marea txuri-urdina zuten zain Realeko jokalariek Zubietako entrenamendu eremutik irteteko unean. Kalejiran abiatu dira denak, dantzan, txaloka eta oihuka zaletuak aurretik, Realeko jokalariak zeramatzen autobusa atzetik.
Partida ez dute jokatu oraindik, baina zaletuak jada festa giro betean dira.
Zubietara itzulera igandean
Gipuzkoa osoan, asteburuko arretagune nagusietako bat izango da Realak Sevillan jokatuko duen Errege Kopako finala. Hitzordu horrekin bat egingo dute Zubietan nahiz Usurbilen. Talde txuri-urdinak jakinarazi duenez, Zubieta izango da Sevillako finalera joan nahiz handik itzultzeko abiapuntua eta helmuga. Zaletu bat baino gehiagoren topaleku izan da gaur eremu hori. Adi, larunbatean, hilaren 18an, Cartuja futbol zelaiko neurketako emaitza edozein izanda ere, igandean bueltan izango dira berriz Zubietan. Hilaren 19an, 14:00ak aldera berriz Hondarribiko aireportutik itzuliko dira Zubietara.
Zubieta izango da, beraz, asteburuko Errege Kopako finalaren arretaguneetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, gogoan izan, Sevillako partida, iluntzeko 21:00etan hasiko da. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du. Emisio horrekin bat egingo dutenen artean izango da udalerri hau. Izan ere, Usurbil Kirol Elkarteak ostegun honetatik, apirilaren 16tik 19ra frontoian antolaturiko Garagardo Azokaren baitan, pantaila erraldoia jarriko dute, partida zuzenean ikusi eta entzuteko.
Usurbil F.T-ren atxikimendua
Realak larunbatean, apirilaren 18an, Sevillako Cartujan jokatuko duen finalari begira, talde txuri-urdinari atxikimendua adierazi diotenen artean dira Usurbil Futbol Taldeko jokalariak. Sare sozialen bidez, mende erdiko ospakizun ziklo betean diren futbol taldeek babesa helarazi diete irudi bidez Realeko jokalariei.