Aginagako Herri Kooperatibaren fundazioa igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 11:37

Igande honetarako, martxoaren 12rako deitu duten fundazio egunean izango da.

“Aginagako Herri Kooperatiba sortzera goaz!”. Hala jakinarazi dute Aginagatik. Bere fundazio eguna antolatu dute, igande honetan, martxoaren 12an, 12:00etan Eliza Zaharra Elkargunean. “Bertan, ekimenaren fundazio eguna ospatuko dugu. Gure ideia azaldu, taldea aurkeztu eta luntx girotua izango dugu”. Hitzordura bertaratzeko gonbita egin du Aginaga Biziberritzen taldeak. “Animatu eta zatozte gurekin batera ospakizunera”.

Udazkenean zehar bideratu duten hausnarketa prozesutik dator herri kooperatibaren ekimena. “Bada denbora bat, zenbait herritar Aginagako herriaren egoerari aurre egiteko elkarrekin batu eta hausnartzen hasi ginenetik”. Gogoan izan, 2022ko azken hiruhilekoan galdeketa bat egin zuten aginagarren artean, haien bizi-kalitateari, behar eta erronkei buruz.

Ordutik, parte hartzeari lotuta Gipuzkoako Foru Aldundira aurkeztu eta onarturiko diru-laguntzarekin, “ taldea zertxobait zabaltzea lortu dugu eta horri esker, gure behar ezberdinak asetzeko herri kooperatiba bat sortzeko asmoa piztu da. Figura honen bitartez, hainbat proiektu eta bide jorratzeko tresna bat eskuratzeko asmoa dugu. Besteak beste, orain arteko topaketen ondorio nagusietako bat, eguneroko erosketak egiteko denda bat zabaltzeko beharra partekatzen dugula izan da.  Eta, ekitera goaz”.