Egurrezko ontzietan egindako Euskal Herriko 6. sagardo txapelketa igandean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 09:29

Egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko 6. txapelketa egingo da igande honetan, ekainaren 9an, estreinakoz Sagardo Egunetik kanpo eta Usurbilen beharrean Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean, antolatzaileek iragan astean Zubietako Iruin sagardotegian iragarri zutenez.

Jakoba Errekondok hasieratik argi utzi zuenez, txapelketa hau egiten dute, "sagardoaren etorkizuna egurrezko ontzietan dagoelako". Ildo horretatik segita, "geroz eta garrantzia handiagoa eman nahi diogu". Aipatu moduan, oraingoan, Aginagan egingo da, bertako Eliza Zaharrean, eremu hau kudeatzen duen elkarguneko kideekin lankidetzan. 

"Usurbil sagarraren bihotza, sagardoaren kultura"
Ekimen hau, urtean zehar sagarraren eta sagardoaren kultura sustatzeko antolatzen den hitzorduetako bat dela nabarmendu zuen txapelketa hau ahalbideratzen lagunduko duen Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak. Sagardo Egunaz haratago, "ekimen asko eta askotarikoak antolatzen dira Usurbilen, sagarraren eta sagardoaren bueltan". Horren erakusle argia da hain zuzen, "bere garaian sagardogintzaren bueltan aritzen garen eragile askok sortutako Usurbil sagarraren bihotza, sagardoaren kultura marka eta marka horrenpean osatzen den agenda". Agenda horren baitan iragarri izan da aurreko edizioetan lerrootan mintzagai dugun txapelketa. "Kasu honetan, badago gainera, asmo bat, sagardogintza egiteko modu hori, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den jakintza eta ezagutza hori galdu ez eta indartzekoa", Solaberrietaren esanetan. 

Sagardoaren Mahaia
Etorkizunera begirako txapelketa da, beraz, honako hau. Aurrera begira dira baita sektore honetan lankidetzan dabiltzan herri eragileak. "Etorkizunean ditugun erronka horiei elkarrekin erantzuteko gune bat eskaintzeko bokazio horrekin abiatzen da berriz ere Sagardoaren Mahaia", iragarri zuen bertako kide den Usurbilgo alkateak. Errekondok eginiko aurreikuspena ahotan hartuta, alkateak gaineratu zuenez, "etorkizuna egurrean izango bada, balio dezala ekimen honek ere horretarako. Alde horretatik, ahalegin hau egiten ari diren eragileak zoriondu nahi ditut". Eragileon artean Udala egongo dela ziurtatu zuen. 7.000 euro bideratuko ditu txapelketa honetara eta lehiaketako "Herriko Etxea" sari nagusia, Udalaren eskutik banatuko da. Maider Larrañaga sommelierra (Arteaga, Arrasate), Dani Corman (Basque Culinary Center, Donostia) eta Irati Amondarain enologoa (Andoain) arituko dira epaile lanetan. Larrañagak goraipatu nahi izan zuen "zer kalitate ederreko produktuak ditugun eta noraino ahal garen heldu".

Euskal Herriko Egurrezko Sagardo Txapelketa
Ekainak 9, igandea
Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean:
09:30 Aginagako Eliza Zaharra Elkargunearen egoitza irekiera.
10:00 Dastaketaren hasiera. Epaimahaiak lehen dastaketa batean, azken dastaketara igaroko diren sagardoak aukeratuko ditu.
12:30 Lehiaketaren azken dastaketa. Sagardo sarituen hautaketa eta azken fasera heldutakoen sailkapena. 
Ondoren, sari banaketa:
• 1. saria: Usurbilgo Herriko Etxea Saria diren 1.000 euro eta Sariaren Ziurtagiria.
• 2. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 450 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.
• 3. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 100 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.
Oharra: sagardoa ekarri duten partaide guztiei dastaketan parte hartzea eskatuko zaie. 
Antolatzaileak: Alkartasuna Kooperatiba eta Sagardoaren Unibertsitatea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea, Euskal Sagardoa.