Kalezarrek eraldatze betean segitzen du

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 8a, 09:31

Pelaioenea birgatzeko lanak, adinekoen auzunea eraikitzeko obrak, Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitzak... Proiektu guztiok Kalezar dute erdigunean. Auzunea eraldatze betean da.

Felix Aizpurua plazako Pelaioenea eraikinean kokatzekoa dute etorkizunean, Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Jada birgaitua dute kanpoaldea. Duela gutxi amaitu dituzte "estalkia eta egitura egonkortzeko lanak". 2018an abiatu zituen lanak Udalak, eraikinaren egoera arriskutsua zela jabetu ostean. Segurtasuna bermatze aldera, lehenbizi, "amiantoa zuen kanaloi bat kendu eta teilatua kendu genituen eta baita barruan erortzear zeuden egitura zatiak erretiratu ere". 

Azken hilabeteotan, estalkia eta egitura egonkortzeko lanak bideratu dituzte. Irailaren 19an abiatuko duten parte hartze prozesuarekin, "barne egitura" zehazten joango dira.

Hobariak
Handik gertu hasiak dira garabiak lanean garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan. Etorkizunean, adinekoen auzunea kokatuko da bertan. Egitasmo honi lotuta, gogoan izan; uztaileko udalbatzarrean ordenantza fiskaletako hobarien araudia egokitu zuten, enplegua sustatzen duten proiektuak laguntzeko. Tartean, Matia eta Udala garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan garatzen ari diren egitasmo honetarako. 

Eremu horren alboan, azken hilabeteotan eginiko lanak amaituta eta erabiltzeko prest dute, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorria. Eta bidegorri hartatik beherantz garabi gehiago; kasu honetan, Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitze lan betean dira baita. Bere garaian eginiko zozketan, bizileku bat egokitu zitzaien zenbait herritar taldetxoa osatzen ari dira eskaera baten bueltan; etxebizitza hauetan balkoiak izatea galdegiten dute, NOAUA!ra uztailean helarazi zuten gutunean adierazi zutenez.

Etxebizitza hauek kokatuko diren eremuan, Udalak eremu bat erreserbatua du, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa kokatzeko. Proiektu honi lotutako "eremuko hitzarmen-batzarraren" arteko hitzarmena behin betiko onartu zuten uztaileko udalbatzarrean.

Bistan denez, Kalezar itxuraldatze eta eraberritze betean dute.