Udalbatzarra

Ugartondo eremuari lotutako hirigintza alorreko erabaki berria

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 08:42

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko Xehetasun-Azterketaren aldaketa behin betikoz onartu zuen gehiengo osoz ostegunean egin zuten udalbatzarrean.

EHBilduren aldeko bozkekin eman zitzaion behin betiko onespena. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Behin betiko onarpena jaso duen aldaketa Foru Aldundira igorriko dute, "bertako hirigintzako plangintzaren erregistro administratiboan gorde dadin". Horren berri emateko, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute.

Hasierako aldaketa alkate dekretu bidez onartu zuten apirilaren 22an. Erabakia ohiko bideetatik (hedabideak, GAO) argitaratu eta 20 lanegunez jendaurrean jarri zen artean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Etxebizitzak eraikitze bide betean
Gogotik itxuraldatzen ari da Ugartondo eremua. Eraikitzen lan betean dituzte babes ofizialeko etxebizitzak. Bidegorria ere egokitua dute inguruan. Puntapaxeko kaleko egokitzapen lanak ere egin dituzte azken asteotan. Eremu honi eragiten dioten beste hainbat erabaki ere hartu dira azken hilabeteotan; esaterako, bost izen berri hautatzea urbanizazio honetan sortuko diren kaleetarako.

Gogoan izan bestalde, udal ekipamendu bat ere kokatuko dela bertan; parte hartze prozesu bidez forma hartu duen Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Udala eta "eremuko hitzarmen-batzarraren" arteko hitzarmen berri bat izenpetzea onartu zuten udal ordezkariek, apirilaren 30eko udalbatzar telematikoan. Hitzarmen honekin Txirikorda proiektua gauzatzeko helburuok bete nahi dira; "dagozkion eraikuntza-obrak eta aipatutako partzelaren urbanizazio-obrak finantzatzeko eta gauzatzea". Hitzarmen hau da hain zuzen behin betiko onartu zutena osteguneko udalbatzarrean.