Santueneko jaiak

Santuenea asteburuko festen zurrunbiloan murgilduko da gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 20a, 13:11

Bazkalostean hasiko dituzten ekintzekin Santuenea jai giro betean barneratuko da igande iluntzera arte.

Udako festen denboraldia azken txanpan da. Azkenaurreko jaien lekuko izango gara asteburu honetan. Izan ere, hastear dira Santueneko ospakizunak. Ostiral arratsalde honetatik igande iluntzera arte jai izango dute Oria ertzeko auzo horretan.

Jai batzordeak denentzako egitaraua osatu dute, festa giroz blaitzeko auzoa gau eta egun. Haurrei zuzenduriko ekintzak izango dira, toka edo mus txapelketak, sardina, txokolate edota piper janarekin bapo egiteko aukera, DJ gauak edota auzotarrak bereziki biltzen dituzten zenbait hitzordu; hala nola, gaurko globo gerra edota igandeko auzo bazkaria.

Otordu horri begira, gogoan izan, agortu ez badira, txartelak Santueneko Gure Elkartea jubilatuen elkartean, Tragoxkan edota Artzabalen eskuratu ahalko dira. Bestalde, adi, baita marrazkietan erakusketa iragarri dute 12 urtera arteko haurrentzat. "Ekarri zure marrazkia txoznara jaietan zehar", egin dute gonbita. Parte hartzaile guztientzat oparitxo bana iragarri dute festen amaieran, hilaren 22an 20:45ean egingo den sari banaketan. "Marrazkiaren atzeko aldean izen-abizenak eta adina idatzi", ohartarazi dute antolatzaileek.

Azken ohar bat; jaietarako "auzoa egin!" dioten eta "Santuenekoak, santuenak" aldarria daramaten zapiak eta kamisetak eskuragarri izango dira txoznetan, festa giroa soinean ere nabari dadin.

Hemen duzue, gaur hasi eta igande iluntzera arte Santuenean programatu duten ekintza eskaintza zabalaren berri:


Santueneko jaiak
Irailak 20, ostirala
16:00 Ur jolasak.
17:00 Txupinazoa.
Ondoren, globo gerra.
18:00 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
18:30 Burrunbazale txaranga, poteoa eta buruhandiak.
21:00 Auzotarren afaria. Ekarri afaria eta sagardoa gure kontu.
23:00 DJ LILA.
Ondoren, txoznan jarraituko dugu festa goizaldera arte.

Irailak 21, larunbata
10:00 Puzgarriak.
12:30 Buruhandiak.
14:00 Haurren bazkaria (norberak ekarria, bertan edaria eta postrea banatuko dira).
15:30-16:00 Muserako izen-ematea.
16:00 Mus txapelketa.
16:00 Apar festa.
17:30 Txokolatada Tragoxkan.
18:00 Burrunbazale txaranga eta buruhandiak.
19:00 Sardin jana.
21:00 DJ LILA.
00:00 Dj Gaua: DJ FANTASIA, HAZAS ft JAGOBA, CHUCHAMBA.

Irailak 22, igandea
9:00 Esnadeia JON&JON.
11:00 Umeen tailerrak.
11:00 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa txoznan.
12:00 Zanpantzarrak.
14:00 Auzo bazkaria. 
(Entsalada, oilasko errea, postrea eta edaria. Tiketak Zaharren Egoitzan, Tragoxkan eta Artzabalen)
Ondoren, bingoa.
18:00 Buruhandiak.
18:30 Etxebarria aita-seme trikitilariak.
19:00 Piper dastaketa.
20:45 Sarien banaketa.
21:00 Festen amaierako traka.

Antolatzailea: Santueneko Jai Batzordea.