Txokoaldeko zubia birgaitzeko lanen harira, bilera eta galdetegia auzoan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 9a, 07:02

Aginagan trenbidea bikoiztu eta eraikitzekoak diren tunelaren aurretik Txokoaldeko zubia birgaituko dute. Obra hauek auzoan izan dezaketen eragina ahalik eta gehien murrizteko bilera eta galdetegia iragarri dituzte asteotarako.

Euskal Trenbide Sareak ostegun honetan jakinarazi duenez, Aginagako trenbidea bikoiztu eta tunela eraikitzeko lanak esleitu dizkiote "Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE)" 30,6 milioi eurotan, BEZ-az aparte. Lan hauek gauzatzeko 40 hilabeteko epealdia izango du enpresa talde honek. "Trenbide bikoitzean 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikitzeak egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du". Trazadura berriak kilometro eta erdi inguru laburtuko du egun, hein handi batean Oria ertzetik egiten duen bidea.

Oraindik ez dago argi lan horiek zehazki noiz abiatuko dituzten. Aurrez, ordea, ETS-k eta Usurbilgo Udalak sinatua duten hitzarmenaren testuinguruan, Txokoaldeko zubia birgaitu beharko dute. "Oinezko, txirrindulari zein ibilgailu motordunentzat baliogarria izango da, eta 30cm igoko dute. Aurreikuspenen arabera, zazpi hilabete beharko dituzte horretarako", Udalaren esanetan.


Bilera eta galdetegia
Zubia berritzeko obra hauek auzoan izango duten eragina ahal bezainbat murrizteko aukerak aztertzekoak dira Udala eta Txokoaldeko bizilagunak elkarrekin. Izan ere, Udaletik ohartarazi dutenez, "zutabeak izan ezik, zubia erabat eraitsiko dute, eta horrek ezinbestean baldintzatuko ditu auzotarren eguneroko joan-etorriak".

Horregatik, bi deialdiren berri eman du Udalak. Batetik, gai honi buruz auzokideekin hitz egiteko bilera deitu du Udalak datorren astearterako, irailaren 10erako, arratsaldeko 19:30etan Txokoargin. Horrekin batera, aipatu obren eragina ahalik eta txikiena izateko galdetegi bat ere martxan jartzekoak direla iragarri dute. "Udalak datorren astean banatuko du inkesta etxez etxe, eta bi asteko epea izango da erantzunak uzteko, irailaren 11tik 25era bitartean; Erroizpen eta Txokoargin jarriko dituzten buzoietan utzi ahal izango dituzte", berri eman dute.