"Zorionak eta mila esker Andatzako tontorrera hurbildu ziren guztiei"

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 4a, 12:47

Eskuzabalik hartu zuten herritarrek maiatzaren lehenean, bi urteko etenaldiaren ostean ospatu zen Andatza Egun girotua. Esker oneko agertu da antolakuntza, NOAUA!ra igorri duen mezuaren bidez.

Osasun krisialdiak azken bi urteotan etendako ohitura arrakastatsuki berreskuratu zuten antolatzaileek joan den igandean; 2019az geroztik ospatu ezin izan den Andatza Egun girotuaren itzulerari buruz ari gara. Harrera beroa egin zioten herritarrek sustrai sakonak dituen tradizioari. Musikaz eta jan edanaz girotu zuten babesleku inguruko eremua. Zirimarak ere familia plana antolatua zuen eta jolasean ibili ziren haur eta gurasoak.

Andatza Egun girotuaren bueltaren ostean, ondoko eskertza mezua helarazi dio antolakuntzak NOAUA!ri. "Zorionak eta mila esker Andatzako tontorrera hurbildu ziren guztiei", adierazi dute antolatzaileek.


Eskertza
Andatza Eguna antolatzen dugun taldearen partetik, eskerrak eman nahi genizkieke; alde batetik, Usurbilgo Udalari, Saizar Sagardotegiari urtero bezala eta aurtengo maiatzaren 1ean Andatzako tontorrera igo ziren guztiei, mendia nola zaindu behar dugun eredu bat izan zirelako. Festa bukatu eta dena jaso genuenean, ez genuen ontzietatik kanpo inolako hondakinik jaso behar izan. Arrazoi bat gehiago hurrengo urtean ere indartsu antolatzen jarraitzeko.

Zorionak eta mila esker Andatzako tontorrera hurbildu ziren guztiei.

Andatza Eguneko antolatzaileak