Udal hauteskundeak 2019

#M26 Posta bidez bozkatzeko azken eguna gaur Correosen

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 07:23

Udal, foru eta Europako hauteskundeen egunerako bi egun baino ez. Adi, ostiral honetan izango duzue posta bidez bozkatzeko azken aukera.

Espainiako Gorteetako apirilaren 28ko hauteskundeetan bitan luzatu zuten posta bidez bozkatzeko epea. Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeetan ere gauza bera gertatu da; aurreikusia zegoena baino bi egun gehiagoz luzatu dute epe hau, ostiral honetara arte. Maiatzaren 24ko arratsaldeko 14:00ak arte bozkatu ahalko da aurrez eta posta bidez, hilaren 26ko hitzordu hirukoitzerako. Hau da, hauteskunde kanpaina amaituko den egun honetan itxiko da, modalitate honetan botoa emateko epea ere. Hala erabaki du Hauteskunde Batzorde Zentralak.

Gogoan izan, maiatzaren 16a baino lehen Correoseko bulegoan posta bidez bozkatzea eskatu zenutenok bozka dezakezue. Ez ahaztu nortasun agiria eramatea eta maiatzaren 19a baino lehen jaso behar zenuten dokumentazioa.

Zubietako Herri Batzarrako hauteskundeei dagokienean, gogoan izan; aurrez bozkatzeko aukera izan zuten zubietarrek maiatzaren 20an. Zubietar bakoitzak zegokion udaletxera, Usurbil eta Donostiakora joateko aukera izan zuten bozkatzera.