#A10 hauteskundeak

PSE-EE: “Blokeoa hautsi eta gobernu progresista eta egonkor bat eratu behar dugu lehenbailehen”

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 11:13

Maria Luisa García Gurrutxaga PSE-EEko hautagai gipuzkoarrak atenditu du NOAUA!ren deia. "Azaroaren 11n 350  kongresukide egongo dira, guk bozkatuta ala ez. Horretaz pentsatzea eskatuko nieke zalantzan daudenei”.

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 10eko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak? 

Mª Luisa García Gurrutxaga, PSE-EE. Euskal sozialistak eta noski Gipuzkoakoak garbi dugu, bizitzen ari garen blokeo  politiko honetan azaroaren 10ean ospatuko diren hauteskundeek duten garrantziaz.

Hauteskunde hauetan ez dago bakarrik jokoan datorren legealdirako gehiengo progresista edo eskubi atzerakoien gehiengo baten eraketa;  azaroaren 10eko emaitzen baitan ere gizarteak lorturiko zenbait aldarrikapen,  hobekuntzak eta eskubideak arriskuan daudela garbi daukagu, eta hori dela eta  gure gizartearen bilakaera hurrengo hamarkadeetan zeharo baldintzatu ditzakete.

Beraz ez dira  bestelako hauteskundeak, inkesten arabera VOXen igoera posiblea eta PP eta Ciudadanosekin egindako akordioak Gobernu sozialista eta progresista kanporatzeko, erakusten du mehatxua inoiz baino errealagoa dela eta badagoela arriskua gobernu eta presidente atzerakoi, matxista, homofobo eta  xenofobo batekin aurkitzeko. Beraz, blokeoa apurtzeko eta eskubiaren arriskua saihesteko aukera bakarra alderdi sozialistan datza, baita Euskadin ere.

Guk jada jakitera eman dugu zein izango den gure agenda hurrengo legealdirako, ez “euskal agenda”, edo “espainiar agenda”, beste batzuk aldarrikatzen duten bezala,  hiritarren agenda baizik,  euskal hiritarrena barne. Agenda horrek ehunka neurri edota proposamen jasotzen ditu: hezkuntza, zientzia, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa, ekonomia, gizarte ongizatea, kultura, transizio ekologikoa, feminismoa eta berdintasuna, eskubideak eta libertadeak, lan duina, pentsioak eta gehiago.

Beraz guk ez dugu asistentzialismoan sinisten, eskubiko alderdiek bezala, baita hemengoak ere, guk eskubideetan sinisten dugu;  hiritar, pertsona guztiok lortu ditugun eskubideak indartu eta gizarte berrian agertzen ari diren erronka berriak direla eta garapen berriak sustatu behar ditugu.

Horretarako  blokeoa hautsi eta gobernu progresista eta egonkor bat lehenbailehen eratu behar dugu, gobernu horrek lidergo demokratiko sendoa eta akordioetara iristeko ahalmena behar du, aurrean ditugun erronkei aurre egiteko. Alderdi sozialistak badu bokazio eta ahalmen hori eta soberan erakutsi du Euskadi mailan ere. Alderdi sozialistak gobernatzeko borondatea, ekipoak eta lurralde guztietan presentzia ditu eta hau da behar dena  gure erakundeak eta zerbitzu publikoak sustatzeko, denon arteko elkarbizitza positiboa lortzeko, beti ere gure gizartean dagoen aniztasuna errekonozituz eta aldarrikatuz.

Galdera honekin amaitzeko, balore demokratikoak, gertatutakoaren memorian oinarritzen den bizikidetza, Euskadi mailan gure autogobernua ere kolokan egon daitezkeela azpimarratu nahiko nuke eskubiko aliantza hirukoitzak gobernua eratzea lortuko balu. Guk gure aldetik, elkarrizketarako, deszentralizaziorako, aurrerapen sozialak garatzeko eta irmotasun demokratikorako borondatea jarri nahi dugu hiritarren zerbitzura.

 

“Akordioetara iristeko denok jarri behar dugu borondatea”

NOAUA! Politikariak akordioetara iristeko gai ez direlako, jende asko haserre dago. Botoa emateko zalantzan dagoenari, zer esango zenioke?

Mª Luisa García Gurrutxaga, PSE-EE. Jendearen ustekabea eta batzuen haserrea ere ulertzekoak badira ere, horrek ez gaituela inora eramaten garbi esan nahi dugu.

Akordioetara iristeko denok izan behar dugu borondatea, alderdi guztiak egon behar dira prest bata besteari entzuteko, besteek dituzten ideia eta proposamen onak errekonozitzen eta aitortzen eta horrela itunaren eta konfidantzaren oinarriak jarri.

Hori ez da horrela izan, berehala hasi ginen  blokeoaren seinaleak ikusten: mesfidantza, deskalifikazioak eta abarrekoak, eta honek eraman gintuen uztailera, non garbi ikusi genuen alde batetik, Unidas Podemosen jarrera mespretxatzailea alderdi sozialistak  egindako koalizio proposamenari, eta beste aldetik, PP eta Ciudadanos, estatu alderdi autoproklamatu hauen jarrera ezkorra eta zenbait momentuetan ofentsiboa ere.

Honek guztiak ekarri gaitu hona eta gure aldetik esan beharra dugu asko sentitzen dugula egoera hau, guk ez genuen nahi, irabazi genuen apirilean, beraz hori ez genuen arriskuan jarri nahi.

Bukatzeko, zalantzan dagoenari esango diot eskubira bozkatzen duten hiritarrak ez daudela zalantzan, garbi dutela hau dela bere aukera eta zenbakiak ematen badiete gobernatzeko elkartuko direla. Azaroaren 11n 350 kongresukide egongo dira guk bozkatuta ala ez, horretaz pentsatzea eskatuko nieke zalantzan daudenei.

Oraingo honetan alderdi sozialistarentzako gehiengo zabal bat eskatzen dugu, denok behar dugu, hiru alderdi eskuindar atzerakoi eta zentralisten aurrean tinko egoteko.

 

Oharra: Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu.