Ostiral iluntze honetan, afalaurretik Sutegiko auditoriora jaitsi eta poesia errezitaldi ederraz gozatzeko aukera izango dugu NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan. Ugaitz Agirre herritarrak prestatu duen "Non dago Amaia?" emanaldiaz hain zuzen. "Poesia performantzea dela esan daiteke, parte naizen gizartea ardatz hartuta idatzitako poema propioekin osatutakoa", Agirrek aste honetako NOAUA! aldizkariari eskainitako elkarrizketan adierazi dionez.
Tartean Teatroaren "Tabernaria" bakarrizketa saioaz gozatuko dugu larunbatean, azaroaren 16an. Patxo Telleriak sortu eta Mikel Martinezek antzeztuko du. Tabernariaren azalean sartuko da Martinez, taberna giroan murgilaraziko gaitu. "Tabernariaren desirak, zalantzak eta beldurrak ageriko dira, beste gai sozial batzuez gain".
Film proiekziorako sarrerak agortzear
Euskal film berrienak Usurbila ekartzeko apustuarekin segida, "Agur Etxebeste" film proiekzioak borobilduko du aurtengo NOAUA!ren Kulturaldia igandean, azaroaren 17an. Filmeko zuzendarietako bat, Asier Altuna eta aktore protagonistetako bat, Ramon Agirre Sutegira etorriko dira filmaren gaineko xehetasunen berri eman eta bertaratzeko asmoa duzuenon jakinmina asetzera. Gogoan izan, Altunak eta Telmo Esnalek 2005ean grabatu zuten "Aupa Etxebeste" filmaren segida duzue honako lan hau. Orduko aktoreekin ekoiztu dute bigarren zatia ere; Elena Irureta, Ramon Agirre, Pako Sagarzazu eta Iban Garaterekin. Adi, film proiekziorako sarrerak agortzear ditugu.
NOAUA!ren KULTURALDIA
Azaroak 15, ostirala
19:30 Ugaitz Agirreren "Non dago Amaia?" poesia errezitaldia Sutegin.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Azaroak 16, larunbata
20:00 “Tabernaria”, Mikel Martinezen bakarrizketa saioa Sutegin.
Sarrera: 3€ (Aldez aurretik Bordatxon, Txirristran, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 2€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Azaroak 17, igandea
19:30 “Agur Etxebeste” filmaren proiekzioa Sutegin. Filmeko zuzendari Asier Altuna eta aktore Ramon Agirrerekin solasaldia.
Sarrera: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Txirristran, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.