Xua Gurasoekin Etxera

Xua gurasoengandik ez bereizteko ebazpen-proposamena bozkatuko dute bihar Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 7a, 07:36

"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak eta Sarek abenduaren 16an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eginiko agerraldiaren ondotik, Xua gurasoengandik ez bereizteko PP ez beste alderdi guztiek, EHBilduk, EAJ-k, PSE-k eta Elkarrekin Gipuzkoak aurkezturiko ebazpen-proposamena bozkatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusien biharko (urtarrilak 8) osoko bilkuran. 9:00etan hasiko dute saioa.

Gogoan izan, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada aspaldi kalean behar zuten arren, gugandik 600 kilometrora Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak bizi dira Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilaren 19an eta Espainiako legediak behartuta gurasoengandik bereiziko dute. 

Bereizketa honen aurka PP izan ezik, gainerako alderdi guztiek, EAJ-k, EHBilduk, PSE-k eta Elkarrekin Gipuzkoak adosturiko ebazpen-proposamena aurkeztu eta bozkatuko dute bihar (urtarrilak 8) Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkuran.

Hain zuzen, 9:00etan hasiko den saioko gai zerrendako bigarren puntua izango da Xua eta gurasoen egoerari lotutakoa. Honela iragarri dute. "Ebazpen-proposamena, Xuak, gurasoekin Picassent-eko kartzelan dagoen haurrak, 3 urte beteko dituelako bere gurasoengandik ez banatzeari buruzkoa, Euskal Sozialistak batzarkide-taldeko Arritxu Marañón andreak, Eusko Abertzaleak taldeko Mª Eugenia Arrizabalaga andreak, Elkarrekin Gipuzkoa taldeko David Oliden jaunak eta EH Bildu taldeko Aitor Arantzabal jaunak aurkeztua" dio Batzar Nagusietako osoko bilkurako gai zerrendak.

Osoko bilkura zuzenean ikusteko aukera izango duzue zuzenean, esteka honen bidez: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DJGPortalWEB/streaming.jsp

Pasa den abenduaren 16an "Xua Gurasoekin Etxera" eta Sarek, Xuak, Olatzek eta Patxik bizi duten egoeraren berri emateko Batzar Nagusietan egindako agerraldiaren ondotik dator biharko osoko bilkuran bozkatuko den ebazpen-proposamena. Agerraldi hartan, Xua gurasoengandik ez bereizteko aldarriarekin bat egin zuten batzarkide guztiek, PP-koak izan ezik.

"XUA GURASOEKIN ETXERA": DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 7, asteartea

22:00 "Emakumea bere bakardadean" ETB-ren "Ur Handitan" saioan. Xua eta gurasoen egoera aztertuko da.

Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute. 

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin. Sarrerak aurrez 6 eurotan sare.eus atarian salgai. Bestela, egunean bertan 8 eurotan. 0-2 urte artekoek sarrera doan.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.