Urtarrilean hedabideek aurreratu dutena bete da; espetxez aldatu dituzte Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezera. Nabarmentzeko modukoa da ordea, espetxe aldaketa gauzatzeko zenbat denbora behar izan den. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik NOAUA!ri aditzera eman diotenez, otsailaren 4an atera zituzten Valentziako Picassenteko espetxetik. Madrilgo Aranjuezera 350 kilometro daude, baina astebete behar izan dute bidaia hau egiteko, "astebete 350 kilometro egiteko!", salatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Bidean zenbait espetxeetan izan dituzte Olatz eta Patxi. Biak batera atera zituzten arren, gerora kartzela desberdinetara eraman zituzten. "Biak ala biak otsailaren 4an atera zituzten Picassentetik (Valentzia) eta Villenakora (Alacant) eraman zituzten aurrena. Gero Patxi Valdemorokora eta Olatz Soto del Realekora", azaldu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Tarte horretan gainera, Patxi Urangaren "inolako berririk gabe" izan dira senide eta lagunak, "ez diotelako deirik egiten utzi".
Astebeteko bidaiaren ostean, aipatu bilgunetik NOAUA!ri aditzera eman diotenez, astelehenean, otsailaren 10ean heldu zen Patxi Uranga Aranjuezera. Biharamunean, hilaren 11n, Olatz Lasagabaster.
Bereizi eta hilabetera lehen bisita
Bidaian Olatz eta Patxi bereiziak izan ostean, Aranjuezen ere bereizita segitzen dute. "Ez dituzte, esan zuten bezala, elkartuta jarri ziega ziega berean. Itxaron egin behar dutela esan omen diete noiz arte zehaztu gabe", ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Bitarte horretan, Olatz amen modulura eraman dute, "han dagoen beste euskal preso batekin egoteko aukera du. Aldiz, Patxi ez dute beste euskal preso gizonezkoa dagoen moduloan jarri".
Testuinguru honetan, urtarrilaren 19an 3 urte bete guraso dituen Olatz eta Patxirengandik bereizi zuten Xua. Otsailaren 20an izango du lehen bisita ama eta aitarekin, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izanda aspaldi baldintzapean aske, Xuarekin batera egon behar zuten gurasoengandik urrundu eta hilabetera.
Helbide berria
Espetxe aldaketarekin honatx Olatz eta Patxiren helbide berria:
Centro Penitenciario MADRID VI
Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)Olatz: "Módulo Madres"Patxi: (oraindik ez dakigu, jakin bezain pronto jakinaraziko dizuegu).
DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Otsailak 28, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.