Xua Gurasoekin Etxera

Xuaren gurasoak Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezeko espetxera lekuz aldatuko dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 12:07

Urtarrilaren 19an, Xua gurasoengandik bereizi zuten egunean, Eguzkitzan egin zuten elkarretaratze berezia.

Hala berri eman du naiz.eus hedabideak. Erabakia Espetxe Zuzendaritzak hartu omen du, bestelako inolako xehetasunik eman gabe. Gogoan izan, Xuak hilaren 19an 3 urte bete eta jada aske behar izan baina Valentziako Picassenteko espetxean preso sorterritik 600 kilometrora urrunduak segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi zuten. Hori gutxi ez eta, bigarren graduan egonik berez zegokien espetxetik irteteko baimena ukatu zieten Xuaren gurasoei.

Mugimendu gehiago Xua eta gurasoen familian. Urtarrilaren 19an 3 urte bete zituen haur usurbildarra gurasoengandik bereizi zuten, jaio zenez geroztik amarekin bizi izan eta baimentzen ziotenean aitaren bisitak jasotzen aritu ostean. Aipatu moduan ordea, Espainiako legediak behartuta, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada kalean egon behar izan baina oraindik orain sorterritik 600 kilometrora dagoen Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi zuten Xua joan den igandean.

Egun horretan bertan goizean haur motxiladunen eskubideen aldeko "Motxilak gora!" ikuskizuna ospatu zen Donostiako Atanon eta iluntzean elkarretaratze berezia Usurbilen. Mobilizazio honetan eman zuten azken orduko albistearen berri Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko kideek; Xua gurasoengandik bereizi zutela jakinaraztearekin batera, "zaintza epaileak espetxetik egun batzuk ateratzeko baimena ukatu die Olatzi eta Patxiri, nahiz eta bigarren graduan izanik, horretarako eskubidea izan baduten. Baimena ez onartzeko argudioen artean, honakoa: "el permiso resulta en este momento prematuro, desaconsejable y difícil de entender socialmente". Guri bai egiten zaigula arrazonamendu hori zaila  ulertzea, izan ere arestian aipatu ditugun atxikimendu guztiek hutsean uzten dituzte epaileak jarritako arrazoiak". 

Valentziatik Madrilera
Aste hasieratik Xua Usurbilen da, amona Mari Karmen Anzarekin bizitzen. Familia honen bereizketa honen ondotik heldu da azken orduotako albistea; Olatz eta Patxi espetxez aldatuko dituztela berri eman du naiz.eus atariak. Espetxe Zuzendaritzak Olatz eta Patxi Valentziatik Madrilgo Aranjuezeko kartzelara lekuz aldatzea erabaki omen du, bestelako xehetasunik eman gabe, nahiz "ume txiki bat dutela nabarmentzen duten espainiar agentziek", dio NAIZ-ek.

Olatz Lasagabasterrek espetxe kide izan zuen Sara Majarenas donostiarraren kasuan ere berdin jokatu zuen bere garaian, lekualdaketa bera bideratu zuen Espetxe Zuzendaritzak. Leku aldaketa horretan, espetxe horren menpeko etxe batera eraman zituzten Sara eta alaba Izar, espetxealdia amaitu artean batera egon zitezen. 

Ez da lehen leku aldaketa
2018ko urtarrilean, Xua urtea betetzear zela amona Mari Karmen Anzak NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketan oroitzen zuen moduan, iragarritako espetxe aldaketa hau gauzatuko  balitz, ez litzateke 10 urteotan bizi izan duten lehenengoa. Espetxe aldaketa gehiago izan dituzte Olatzek eta Patxik azken hamarkadan. 2009ko ekainean atxilotu zituztenetik 2018ko urtarrilera Anzak kalkulatzen zuenez, ordurako 280.000 kilometro eginak zituen espetxean dituen senideak bisitatzeko joan etorrietan. "Lehenbizi Avila eta Madrilera, gero Alacantera, Avilara berriz… eta orain Valentziara", oroitzen zion Anzak NOAUA!ri. Garai batzuetan espetxe ezberdinetan izan dira Olatz eta Patxi, bateratuak beste uneetan. Aua jaio zenetik espetxe berean dira, Valentziako Piccasenten, modulu ezberdinetan ordea. 

HURRENGO DEIALDIAK
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Urtarrileko azken ostiraleko euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.