Andatza Eguna

Andatza Egunik ez aurten

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 3a, 12:19

Jakina denez Andatza Egunik ez da ospatuko maiatzeko lehen igande honetan. Aurreikusiak zeuden hitzordu honi lotutako zenbait ekitaldi bertan behera geratu dira noski; tartean, programatuak zeuden zenbait bisita eta hitzaldi. Ezohiko egoera honetan, Andatzari lotuta iaz eginiko bi lan sareratu ditu Usurbilgo Udalak.

Batetik, Aranzadi zientzia elkartearena; "Andatza mendigunearen inguruko okupazioari buruzko azterketa eta interpretazio arkeologikoa". Xehetasunak albiste honi atxikitako bideoan dituzue. Bestetik, Asier Agirresarobek, Joseba Alonsok eta Javi Castrok landutako "Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri-harrobiak".

Bi lanon laburpenak Usurbilgo Udalaren usurbil.eus atarira igo dituzte, "interesa duen orok patxadaz irakur dezan, egoerak ahalbidetzen duenean, Andatzako ondarea hobeto ezagutu eta gozatzeko".

Zirimarak giroturiko edizioa iaz
Aurtengoan ospatu ezingo den arren, berrindartzen doa urtez urte maiatzeko lehen igandean antolatu ohi den Andatza Eguna. Iaz Zirimarak girotu zuen igoera, baita mendi gaineko eguerdi partea ere, Santueneko lagunek hamaiketako goxoa zerbitzatzen zuten artean. 

Hemen iazko irudi bilduma:
https://noaua.eus/urdaiaga/1557071622001-zirimarak-jostalari-bilakatu-du-gaurko-andatza-eguna
https://noaua.eus/urdaiaga/1557072271261-giro-eder-eta-biziko-andatza-eguna-gaurkoa