Koronabirusa

55 langabetu gehiago azken bi hilabete hauetan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 13a, 11:46

Alarma egoera indarrean izan den bi hilabete hauetan, 55 langabetu gehiago zenbatu ditu Estatuko Enplegu Zerbitzuak Usurbilen. 2017ko maiatzaz geroztik ez zen halako daturik erregistratu. Halere, hamarkada hasierako krisialdi ekonomikoan zenbaturiko langabezia datuetatik urrun segitzen du udalerri honek.

Covid19-a ekonomia arloan izaten ari den eragina nabaritzen hasia da. Estatuko Enplegu Zerbitzuak kaleratu dituen azken datuen arabera, 276 langabetu zenbatu ditu apirilean Usurbilen. Martxoan baino  31 langabetu gehiago, otsailean baino 55 langabetu gehiago. 

Denboran atzera eginda, 2017ko maiatzean izan genuen azkenekoz antzeko datua; orduko hartan, 271 langabetu zenbatu zituzten udalerri honetan. Momentuz halere, hamarkada hasieran izan genuen krisialdi ekonomikoan erregistraturiko langabetu kopuru altuenetik urrun da Usurbil; langabetu gehien 2014ko otsailean erregistratu zen, 385 guztira.

Lanik gabeko herritar kopuruaren gorakada nabaria da halere. Martxoko datuekin alderatuta, aipatu moduan 31 langabetu gehiago zenbatu dira Usurbilen. Lanik gabeko 16 gizonezko gehiago, eta 15 emakumezko gehiago. Otsaileko datuak eskutan, 32 gizonezko langabetu gehiago, 23 emakumezko langabetu gehiago.

Adin tarteari erreparatuta, langabetu gehien, 45 urtetik gorakoen artean nabaritu da; 276 langabetutik 145 adin tarte honetakoak izan ziren apirilean. 45 urtetik gorako langabetuak 125 ziren otsailean, 132 martxoan.

Sektoreka, zerbitzuetan igo da langabezia gehien; otsailean 143 langabetu, martxoan 166, eta 26 gehiago apirilean, guztira 192.

Buruntzaldean eta Gipuzkoan ere gorantz
Buruntzaldean ere gorantz egin du langabetu kopuruak. Otsailean lanik gabeko 2.924 herritar zituen eskualdeak. Martxoan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo datuak batuta, 3.254, 330 langabetu gehiago. Apirilean, otsailean baino 667 langabetu gehiago, guztira 3.591.

Gipuzkoan ere antzeko bilakaera izan da. Otsailean 31.025 langabetu zituen, martxoan 34.097 eta apirilean 37.179. Azken bi hilabeteotan, 6.154 langabetu gehiago guztira.

USURBILGO LANGABEZIA DATUAK
2020ko apirila
Usurbil: 276.     Buruntzaldea: 3.591.    Gipuzkoa: 37.179.

Sexuaren eta adinaren arabera
Gizonezkoak: 127.
25 urtetik behera: 20.
25-44 urte artean: 31.
45 urtetik gora: 76.
 

Emakumezkoak: 149.
25 urtetik behera: 8.
25-44 urte artean: 72.
45 urtetik gora: 69. 

Sektorearen arabera
Nekazaritza: 7.
Industria: 42.
Eraikuntza: 20.
Zerbitzuak: 192.
Aurretik lanik gabe: 15. 

Langabezia Buruntzaldean
Andoain: 769.
Astigarraga: 288.
Hernani: 1.026.
Lasarte-Oria: 976.
Urnieta: 256.
Usurbil: 276.
Guztira: 3.591. 

Langabezia Gipuzkoan
Guztira: 37.179.

Iturria: Estatuko Enplegu Zerbitzua.

Erlazionatuak

24 langabetu gehiago martxoan

Noaua Aldizkaria 2020 api 22 Usurbil