Koronabirusa

334tik 75era murriztu da kontratazioa otsailetik apirilera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 13a, 11:41

Covid19-a tarteko, alarma egoeran garenetik langabetu kopuruak gorantz egin du azken bi hilabeteotan. Kontratazioak aldiz nabarmen beherantz. Otsailean 334 kontratu erregistratu ziren Usurbilen; apirilean 75 baino ez. Ia denak aldi baterako.

Lanik gabeko herritar gehiago, eta kontratatu gutxiago. Usurbilen ere Covid19-aren eragina arlo ekonomikoan nabarmentzen hasia da. Estatuko Enplegu Zerbitzuak kaleratu berri dituen apirileko datuen arabera, asko murriztu da erregistraturiko kontratu kopurua. Otsailean 334 izan ziren, martxoan 259ra gutxitu zen, eta joan den hilabetean, 75 kontratu baino ez ziren hitzartu. 

Alarma egoera indarrean denetik honenbestez, azken bi hilabeteotan, 259 kontratu gutxiago erregistratu dira udalerri honetan. Datu orokorrean aldaketa nabarmena egon arren, orain arteko joerek bere horretan segitzen dute. Erregistratu diren kontratu ia denak aldi baterako izan dira, baita apirilean ere; 75etik 65. Gizonezko gehiago kontratatu dira (43) emakumezkoak baino (32). Eta sektoreka, zerbitzuek biltzen dute langabetu gehien (75etik 50 kontratatu).

Usurbilen bezala, Buruntzaldean eta Gipuzkoan ere beherantz egin du kontratazioak. Otsailean Buruntzaldean 2.316 kontratu erregistratu ziren, martxoan 1.583ra gutxitu ziren, apirilean 771 baino ez. Azken bi hilabeteotan honenbestez, 1.545 kontratu gutxiago erregistratu dira.

2020ko apirila
Erregistraturiko lan kontratuak
Usurbilen: 75.
Aldi baterakoak: 65 (37 gizonezko, 28 emakumezko).
Sektoreka: 4 nekazaritzan, 21 industrian, 0 industrian eta 50 zerbitzuetan.
Sexuaren arabera: 43 lan kontratu gizonezkoenak, 32 emakumezkoenak.

Kontratazioa Buruntzaldean:
Andoain: 85.
Astigarraga: 101.
Hernani: 355.
Lasarte-Oria: 62.
Urnieta: 93.
Usurbil: 75.
Guztira: 771.

Gipuzkoa: 7.685.

Iturria: Estatuko Enplegu Zerbitzua.

Erlazionatuak

24 langabetu gehiago martxoan

Noaua Aldizkaria 2020 api 22 Usurbil