Usurbilgo Jai Batzordeak uztailaren 1etik 5era ospatzekoak ziren festak bertan behera uztea erabaki zuen hilabete hasieran, "deseskalatze" prozesua abiatu zenetik eginiko hainbat bilera eta hausnarketa saioren ostean.
Krisi honen aurretik jada prekarizatua zegoen kulturgintza hauspotzeko xedearekin ordea, Usurbilgo Jai Batzordeak datorren uztaila osorako Usurbilgo Kultur Bira antolatzea erabaki zuen. "Uztaila osoan Usurbilgo txoko ezberdinak kultur ekimenez zipriztinduko dituen ekimen parte hartzailea izango da, kaxkoko betiko festen moldetik urrunduz".
Esan beharrik ez da, covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokitutako Kultur Bira izango dugula, "herritarron osasuna dela dinamika honen abiapuntua eta helmuga".
Ostiral eguerdian aurkeztuko dituzte antolatzaileek Kultur Bihari buruzko xehetasun guztiak.
Egitarau zabala
Kontzertuak, herri kirolak, antzezlanak, jardunaldiak... Hamaika hitzordu iragarri dituzte uztaila osorako, antolakuntza lanetara batu diren eragileek; tartean dira Usurbilgo Jai Batzordearekin batera, Xauxar Txosna Batzordea, Aginagako Eliza Zaharra herri elkargunea, Herriko Artixtak, Usurbilgo Udala; Santuenea, San Esteban eta Atxegaldeko Jai Batzordeak, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkartea, Jexux Artze Kultur Elkartea...
Ekitaldiak gainera udalerriko gune anitzetan ospatuko dira; ez bakarrik Kaxkoan, baita auzoetan ere.
Egitaraua gaur bertan banatzen ari da Usurbilgo Udala etxez etxe. Egitasmo honen erreferentziazko webguneari adi egon beharko dugu datozen egunotan; usurbilkultura.eus atariari hain zuzen. Bertan eskuratu ahalko dira ekitaldiotarako sarrerak.
Xehetasun gehiago ostiral honetan bertan eskainiko ditu antolakuntzak.