Hainbat urrats eman ostean heldu dira iazko Kontu Orokorra betiko onartzera. "Aurrekontuaren exekuzioa eta Likidazioa onartu zuen Usurbilgo Udalak, 2020ko martxoaren 17an Alkatetzak emandako Dekretuaren bidez. Eta Dekretu horren berri eman zitzaion udalbatza osoari".
"Egoera onean"
Horrekin batera, apirilaren 30ean telematikoki egin zuten udalbatzarrean "2019ko ekitaldiko komunikazioaren berri eman zitzaien batzarkide guztiei". Osoko bilkura hartan, tarteka egin ohi duen moduan, Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioaren berri eman zen. Zehazkiago esanda, 2019ko udal aurrekontuaren likidazio onarpenaren berri. "Usurbilgo Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ona zen 2019ko abenduaren 31n", adierazi zien udal ordezkariei, Xabier Olano udal kontuhartzaileak. Covid19-aren eraginez bizi dugun egoerari aurre egiteko, "egoera onean da Udala", 2018an eta 2019an gertatu den moduan. Azken bi urteotan indarrean izan den udal ekonomia eta finantza plana "oso ondo bete da", udal kontuhartzailearen esanetan.
Maiatzaren 15ean "indarrean dagoen araudiari jarraituz, Kontuen Batzorde Bereziaren oniritzia jaso zuen". Gero, erabakia maiatzaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu eta 15 egunez jendaurrean egon zen. Tarte horretan inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Behin betiko onespena ordea, udalbatzak eman behar zion uztailaren 31 baino lehen. Hala egin zuten atzoko osoko bilkuran.