Kultur Bira

Artixten Gauean parte hartzeko deia sortzaileei

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 18a, 10:29

Iazko Kultur Bira abiarazi zuten sortzaile usurbildarrek herriko txoko ezberdinetan aldi berean eskainitako hiru emanaldiek. Aurtengo bigarren ediziorako partaide bila dabiltza antolatzaileak.

Covid19ak eragindako osasun krisialdiagatik aurten ere ohiko jairik ez dugu izango, baina dakizuenez, Udala eta herri eragile anitz, iazko esperientzia arrakastatsuaren ondotik, bigarren Kultur Bira, 2021eko uda partekoa prestatzen ari dira. Aurtengoan, Kultur Bira bat baino gehiago izango ditugu, auzoetako jai batzordeek ere bat egin baitute ekimenarekin.

Honenbestez kulturak jira eta bira bat baino gehiago egingo du hilabeteotan Usurbilen barrena, herri eragile anitzen eskutik. Ekainean bi geltoki izango ditu; ekainaren 23tik 27ra Kalezar, eta ekainaren 11n hasi eta uztailaren 17ra arte Usurbil. Bira hauen egitaraua aurrerago emango du ezagutzera antolakuntzak, baina prestaketa lanak aurreratuak dituzte.

Ekainaren 19rako
Hitzorduetako bat, iazko Kultur Bira abiarazi zuen estreinako ekitaldia izango da. Uztailaren lehenean Herriko Artixten emanaldiez gozatzeko aukera izan genuen Santuenean egokitu zuen karpagunean, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan eta Txokoaldeko Erroizpe elkarte atariko plazan. Hiru emanaldiok aldi berean ospatu ziren; denetariko kultur adierazpenak tartekatu zituzten. Baina denetan parte hartzen herritarrak ikusi genituen.

Esperientzia errepikatzera doaz aurtengoan. "Artixten Gaua" antolatzen ari dira. Bigarren edizio honetan ere, hiru emanaldi eskainiko dituzte, hirurak ekainaren 19an, ordu berean, aldi berean, baina gune desberdinetan; Aginagan, Txokoalden eta Bizkarreko skate parkea hautatu dituzte eskenatoki gisa. Orain "artixtak" behar dituzte; emanaldiotan parte hartu nahi luketen sortzaile usurbildarrak erakarri nahi dituzte. "Parte hartzaile bila gabiltza", ohartarazi dute antolatzaileek.

Interesdunentzat, emanaldi laburrak prestatzea eskatzen da, 15 minutu ingurukoak. "Zer diozu artixta? Animatze al haiz?", hortxe luzatu duten gonbita. Interesdunek informazio gehiago bideotatik jaso dezakete: 660 614 715 / usurbilgokulturbira@gmail.com

Erlazionatuak

Uda honetan Kultur Birak, pluralean

Noaua Aldizkaria 2021 mai 14 Usurbil