Koronabirusa

Aurpegi bistan gaurtik, leku itxi gehienetan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 20a, 11:30

Bi urteren ostean, gaurtik aurpegia bistan dugula joan ahalko gara leku gehienetara. Ez guztietara, baina bai gehienetara. Musukoaren erabilera egungo testuingurura egokitu nahi izan du Espainiako Gobernuak atzo onartu eta asteazken honetako Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu duen dekretuaren bidez.

Orain arte bezala, musukoaren erabilerak derrigorrezkoa izaten segiko du garraio eta osasun zerbitzuetan. Osasun zerbitzuetan Espainiako Gobernuak gogorarazten duenez pertsona zaurgarrien kontzentrazioa handia delako, eta kasuotan gaixotzeko arriskua handiagoa da, baita transmisiorako aukera ere. Gune soziosanitarioetan langileek eta bisitariek jantzita eraman beharko dute, ez ordea, ospitaleratuak daudenek (gela barruan daudenean) edota adinekoen egoitzen kasuan, egoiliarrek ezta.

Garraio zerbitzuetan, espazio itxi txikietan jendea pilatzen da sarritan eta aireztapen sistema eraginkorrak dituzten arren, Espainiako Gobernuaren esanetan aireztapena bera ez da beti bermatua egoten. Ondorioz, musukoaren erabilera derrigortua ezabatuta, transmisio arriskua handia da, eta zerbitzuotako erabiltzaile zaurgarriengan eragin nabarmena izan dezake.

Beraz garraio zerbitzuetan musukoa janzteak beharrezkoa izaten segiko du, ez ordea tren edota autobusetatik kanpo, geltokietan esaterako. Pandemia hasieratik ez, baina gerora bai, indarrean izan den salbuespen batek ere bere horretan segiko du gaurtik. Musukoa janztea oraindik derrigorrezkoa den eremuetan, arnasa hartzeko zailtasunen bat dutenek ez dute erabili beharko. Ezta autonomia falta izan edota musukoa jartzea bideraezin egiten duten jokabide arazoak dituztenek ere.

Erabiltzen segitzeko aholkua
Halere, Espainiako Gobernuak atzo onartu eta asteazken honetako, apirilaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu duen dekretuak aholkatzen du musukoa janzten segi dezatela zaurgarri diren pertsonek, 1,5 metroko segurtasun tartea denbora luzez mantendu ezin dutenean. Era berean, musukoa arduraz erabiltzea gomendatzen da eremu itxi publikoetan denbora luzez egonez gero edota baita ekitaldi jendetsuetan ere. Lagun edota senitartekoen bilkuretan ere, partaideen zaurgarritasun mailaren arabera musukoa erabiltzen segitzea gomendatzen du Espainiako Gobernuak.

Lan munduan ere orohar derrigorrezkoa izango ez den arren, lan arriskuen prebentzioko arduradunek neurriak ezar ditzakete lantoki zehatzetan. Ikastetxeei buruzko aipamen zehatzik ez du egiten dekretuak; dekretu hau onartu berritan ordea, atzo, Espainiako Gobernuak berak sare sozialetan argi zioen, eremuotan ere bertan behera geratuko zela musukoen erabilera derrigortua. Zaurgarri izan zitezkeen irakasleei janzten segitzea aholkatzen zien soilik.

Musukoekin
Espainiako Gobernuaren dekretua gaur goizetik dago indarrean. Herrian, momentuz, jendaurreko hainbat zerbitzutean langileak musukoak jantzita ikusi ditugu prebentzio modura.

Txertaketa altua eta adierazleen hobetzea, gakoak Madrilentzat
Musukoen erabilera derrigortua ezabatzeko erabaki hau hartzeko argudio gisa baliatu du Madrilek pandemiaren adierazleek hobera egin dutela. Madrilen esanetan, "arrisku baxuan" dira estatu espainiarreko zonalde gehienetan, besteak beste, txertoen eraginkortasunari eta txertatu kopuru handiari esker. 52 herrialdeetatik 42 alerta maila batean dute, bian 8 herrialdeetan. Bi herrialde alerta egoeratik kanpo daude, Espainiako Gobernuak kaleraturiko datuen arabera. Ospitaleratzeek ere beherantz egin dutela dio Madrilgo gobernuak. 2020ko abendutik 2021eko otsaila arteko "olatuan" %7koa zen aipatu tasa, %1,19koa 2021eko abendutik 2022ko martxora artekoan.

Txertaketari dagokionean, 12 urtetik gorako herritarren %92a baino gehiago txertatua dago estatu mailan Madrilgo gobernuaren arabera, eta 60 urtetik gorako %92a baino gehiagok jaso ditu hiru dosiak.

Espainiako Gobernuak dio testuinguru honek indarrean dauden neurri batzuk egokitzea ahalbidetzen duela. Herritarrentzat orohar musukoaren erabilerak derrigorrezkoa izatea uztea baimentzen duen dekretuak ohartarazten duenez halere, norbanako bakoitzak baloratu beharreko kontua da musukoa jartzen segi edo kentzea; kolektibo zaurgarri bateko kide ote den, txertaketaren edota jokabide sozialen arabera hartu beharreko erabakia izan behar duela iradokitzen du Espainiako Gobernuak.

Informazio gehiago: apirilaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofiziala (erdaraz).