Oso atzetik dator, Ucin lantegiarekin herrian izan diren gorabeherak; kea eta usain txarra tarteko, hainbat kexu eragin ditu Osinalde industriaguneko lantegiak. Udalak hirigintza arloko bi zigor espediente ere zabaldu zizkion; bat 2019an eta 2020ko urrian.
Baina orain gertatu dena ulertzeko 2021eko otsaileraino egin behar dugu denboran atzera. Duela 17 hilabete Udalak berak jakitera eman zuenez, jarduera lizentzia eguneratu zion Osinalde industriagunean kokaturiko lantegiari. 2020. urteko uztailean eta azaroan Eusko Jaurlaritzak Ucini Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion. "Eta horren ondotik eguneratu zuen Udalak lantegiaren jarduera lizentzia". Lizentzia berrituan, Eusko Jaurlaritzak baino neurri zorrotzagoak ezarri zizkion Udalak. Ordura arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen. "Aurrerantzean hainbat parametro modu jarraituan neurtzeko eskatu diote enpresari", jakinarazi zuen Udalak. Eusko Jaurlaritzak lantegi honetatik airera isurtzen den partikula bat neurtzeko betebeharra ezartzen zion; Udalak aldiz "lau partikula ezberdin uneoro neurtzeko betebeharra". “Guk dakigula, enpresa bati halakorik eskatu dion EAEko udal bakarretakoa gara”, zioen Udalak 2021. urte hasieran.
Ingurumen neurriak hartzearen aurka, epaitegietara jo zuen Ucin-ek
Ucin-i lotuta izan genuen hurrengo albistea iazko maiatzean heldu zen. Hilabete hartako udalbatzarrean udal gobernu taldetik berri eman zutenez, Ucin lantegiak administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zion Udalari. Auzitegira jo zuen. Abokatua eta prokuradorea izendatu behar izan zituen Udalak. "Penaz hartu dugu erabakia", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak osoko bilkura hartan Osinaldeko lantegiak hartutako erabakiaz. Aurreko udal gobernu taldeen antzera, egungoa ere sarritan bildu dela zioen Ucin-ekin. "Ezinbestekoa da kutsadura murrizteko neurriak jartzea", herritarrak, enpresak eta Udala elkarlanean arituta. Bide horretan sakontzeko deia egin zioten Ucin lantegiari. Elkarlanerako deia egin arren, "isiltasuna jaso dugu", zioen alkateak.
Ingurumenaren aldeko neurriek babesik ez epaitegian
Epaitegietatik heldu da orain albistea. Epailea Ucin-en alde agertu da, bestela esanda, Usurbilgo Udalak iaz lantegi honi ezarritako ingurumen baldintzak ez ditu onartu, atzera bota ditu, "Udala bere eskumenetatik harago joan dela argudiatuta". Zehazkiago esanda, "Udalak ezin ditu Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak jarri, baina, bestetik, inspekzio gaitasuna aitortu dio Udalari". Epaileak beraz partzialki arrazoia eman dio Udalari, baina enpresa aitortza honekin ere desados agertu da Ucin eta "helegitea jarri dio bigarren zati horri".
Epailearen erabaki honen aurrean, Udalak argi dio; "Udalak hartutako bide hori ezohikoa da tokiko administrazioan, baina hala egitea erabaki zuen lantegiaren isurketek eragindako kezkak tarteko. Horrek bultzatuta jo zuen Ucinek epaitegietara". Eta kezka horrek bistan denez ez du epaitegien babesik izan.