Txirikorda jardunaldien asteburua

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 23a, 09:02

Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpo, belaunaldiartekotasuna edota Txirikordaren izaera komunitarioa jorratzen duten hainbat esperientzia ekarriko ditu Usurbilgo Udalak Potxoeneara asteburu honetan.

Truke modukoa izango da hitzordua; "Euskal Herritik eta haragotik Usurbila esperientziak ekarri behar baditugu, Txirikorda kanpoan hainbat foroetan izan delako da", Txirikordari lotutako prozesua dinamizatzen ari den Hiritik At kooperatibako ordezkari Mikel Valeroren esanetan. Besteak beste, "Euskadiko Gazte Kontseiluak jardunaldietan, hainbat herrietan emandako hitzaldietan eta Katalunian" ere aurkeztu baitute. Izaera komunitarioa eta belaunaldiartekotasuna jorratzen duten eta martxan diren esperientziek interesa piztu dute. Orain Usurbila, ezaugarrion bueltan "kanpoan ikasi duguna eta egiten dena Usurbila ekartzea" erabaki dute aipatu kooperatibak eta Udalak. 

Bi jardunaldi egun finkatu dituzte irailaren 23 eta 24rako. Lehenengoan belaunaldiartekotasuna jorratzen duten esperientziak bilduko dituzte mahai-inguru batean. Dakizuenez, 18-30 urte arteko eta 65 urtetik gorako herritarrak elkarbizitzen jarriko dituen esperientzia izanik, "elkarbizitza hori nola ematen den, zer arazo egon daitezkeen eta zer nolako potentzialtasuna dagoen ezagutu nahi dugu". Horretarako, batetik, boluntarioen laguntzaz bideratzen duten adinekoen zaintza esperientziak ekarriko ditu Matiak. Udalak sustatu baina herritarren partehartzea erakarri nahi duen "Hernanin martxan jartzen ari den auzo zaintza proiektua" ere ahotan hartuko dute. Egitasmo hau "bakardade ez hautatuan dauden pertsonak laguntzea" du helburu. Saio partehartzailea izatea nahi dute, hausnarketarako, kezkak agertzeko... 

Txirikordako erabiltzaile potentzialei deia
Biharamunean, hilaren 24an, etxebizitza komunitario eta kooperatiboen esperientzien txanda. Oreretan komunitatea saretzea xede duen gazteen etxebizitza komunitarioena eta Madrilgo Entrepatios egitasmoarena. Entrepatioseko bizilagunak etxe pribatuetan bizi dira baina kooperatiba bat osatua dute eta bertako kide dira, etxebizitzetako erabiltzaileak izateaz gain. Proiektu guztiotan murgilduak dauden ordezkariak etorriko dira Potxoeneara. Madrilgo esperientziaren kasuan baita. "Interesgarria iruditzen zitzaigun elkarbizitza horretan murgildua dagoen pertsona bat" gonbidatzea, Valeroren esanetan.

Azken saio hau, Txirikorda egitasmoa aurkezteko ere baliatuko dute. Hitzorduotan parte hartzera deitzen diete usurbildarrei eta modu berezian, Ugartondoko eraikin honen erabiltzaile izan daitezkeenei. Usurbilen ia 2.000 laguneko kolektiboa osatzen duten erabiltzaile potentzial hauei guztiei eskutitz bana helarazi die Udalak, jardunaldiotan parte hartzera gonbidatuz. Galdetegi bat ere eseki dute usurbil.eus/txirikorda atalean interesdunek betetzeko.



TXIRIKORDA JARDUNALDIAK POTXOENEAN
Irailak 23, ostirala
18:00-20:00 Mahai ingurua: belaunaldi arteko esperientziak: Matia boluntariotza, Hernani auzo-zaintza eta etxebizitza komunitarioak Europan.

Irailak 24, larunbata
10:00-13:00 Hitzaldiak: etxebizitza komunitario eta kooperatiboen esperientziak. Errenteria, gazteentzako etxebizitza komunitarioak; Entrepatios (Madril), Txirikorda proiektuaren aurkezpena.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.