Maria Angeles herrikidea laguntzeko herri bilera eta elkartasun zozketa

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 19a, 11:38

Etxegabetze arriskuan dagoen Maria Angeles 80 urteko herrikideari laguntzeko herri bilera deitu dute herriko jubilatuek ostiralerako Gure Pakea elkartearen egoitzan, Artzabalen. Bertako jatetxeak ere elkartasun zozketa antolatu du. Usurbilgo EHBilduk kaltetutako herrikideari elkartasuna eta babesa adierazten dion idatzia helarazi du NOAUA!ra.

Maria Angeles 80 urteko herrikideak bizi duen egoera bidegabea ezagutzera eman zuen urriaren 11n Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak. "Egoitza Madrilen duen Reno Amusement SL mailegu-emaileak 60.000 euroko hipoteka-mailegua formalizatu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen ordaindutako etxebizitzaren bermearekin eta epemuga aurreratuaren abusuzko klausularekin, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jo zuena. Horregatik, ordaindu gabeko hirugarren kuotaren ondoren, mailegu-emaileak hipoteka exekutatzeko demanda bat aurkeztu zuen, Maria Angelesek horren berririk izan gabe". Egoera horren aurrean, "epaitegiak 2021eko apirilean jakinarazi zion etxebizitza enkantean jarriko dela".

Hala berri eman zuen Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak kaltetuarekin, Usurbilgo alkatearekin, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten EHBildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako batzarkideekin batera iragan astean Donostiako Bulebarrean egin zuten agerraldian.

Bilera irekia
Ordutik, egoera bidegabe honi erantzun eta Maria Angelesi babesa eta laguntza eskaintzeko lehen elkartasun ekimenak abiarazi dituzte Usurbilen. Lehenik eta behin, "herriko jubilatuek sustatuta Maria Angelesi elkartasuna eta babesa antolatzeko herri bilera ireki bat deitu dute Artzabalen". "Zer egin dezakegu?" aldarripean, ostiral honetarako finkatu dute hitzordua, urriaren 21erako beraz, arratsaldeko 18:00etan Artzabalen. "Bertan ikusiko gara!", adierazi dute.

Elkartasun zozketa
Bestalde, elkartasun zozketa antolatu dute Gure Pakea jubilatuen elkarteak Artzabalen duen egoitzako jatetxean. Hamar zenbakidun 4 euroko zozketa baleak eskuragarri jarriko dituzte. Bi sari zozketatuko dituzte: 4 pertsonentzako asteburuko menua eta sagardo eta ardo lote eder bat. Zozketa azaroaren 1ean 18:00etan egingo dute. Bildutako laguntza osoa etxegabetze arriskuan den Maria Angelesen herrikidearentzat izango da.

Idatzia
"M. Angeles ez zaude bakarrik!" dioen elkartasun idatzia helarazi dio NOAUA!-ri Usurbilgo EHBilduk.  Hemen duzue bere osotasunean:

Maria Angelesekin elkartasuna. Etxebizitza eskubide bat da.

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak lehengo astean egindako agerraldiaren bidez jakin genuen Maria Angeles Otegi, 80 urteko herrikideak, bizi zuen egoera bidegabea. 

Reno Amusement SL (Madril) mailegu-emaileak 60.000 €-ko hipoteka-mailegua zinpetu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen txebizitza bermetzat hartuta. Abusuzko klausulak medio, semeak hirugarren kuota ordaintzeari utzi zion, et, ondotik, mailegu-emaileak hipoteka betearazteko demanda bat tartekatu zuen. Maria Angelesek ez zuen horren berri izan, eta epaitegiak 2021eko apirilean jakinarazi zion etxebizitza enkantean jarriko zutela. Salatu nahi dugu zer-nolako basakeriak egiten dituzten hainbatetan mailegu-emaile, putre funtsek eta hainbat bankuk. Klausula bidegabe hauek egoera zaurgarrienetan eta beste irtenbiderik gabe dauden herritarren gainetik etekin ekonomikoak ateratzeko erabiltzen dituzte. Negozioa, dirua, pertsonen gainetik jartzen dituzte. Baina, etxebizitza eskubide bat da eta ez negozioa. 

Kaleratzeak Stop-eko abokatuak esan bezala, etxebizitza enkantean jartzeko prozesua atzeratzen/gelditzen saiatzen ari dira. Mailegu-emaileari ordaintzeke dagoen diru kopurua zehazteko eskatu diote zorra deusezteko (“enervar”) aukera eskatuz, hau da, zorra ordaintzea. 

Herritar asko bezalaxe, gu ere kezkatuta gaude egoera bidegabe honekin. M.Angelesek bere etxean bizitzen jarrai dezan ahal dugun guztia egingo dugu herri mobilizaziotik eta instituzioetatik.

Elkarrekin eta elkartasunez lortuko dugu!

M. Angeles ez zaude bakarrik!

Usurbilgo Euskal Herria Bildu

 
Erlazionatuak

"Ez dugu etxegabetze hau onartuko"

Noaua Aldizkaria 2022 urr 11 Usurbil