"Erantzuna itzela izan da!"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 4a, 09:40

Argazkia: Udarregi ikastola.

Nepalgo emakumeen bizi baldintzak hobetzeko Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek azken hilabeteotan landutako proiektuak

Nepalgo emakumeen bizi-baldintzak hobetzen laguntzen diharduen Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeari ekarpen ezinhobea egin dio Udarregi ikastolak. Gogoan izan, LH 6. mailako ikasleek elkartasun astea antolatu zuten martxoan, denda eta lasterketa solidario arrakastatsuak. Bost mila euro pasatxo bildu dituzte. "Erantzuna itzela izan da!", eta eskertzeko segidan datorren oharra helarazi dute NOAUA!ra. "Diru hori baliatuz, hango neskatxa batek 3-4 urtez ikasketak eta mantenua ziurtatua izango dituela jakin dugu". 


Udarregi ikastolakoen oharra
Iritsi da bihotzak hunkitu dizkigun proiektu honi amaiera emateko momentua. Lan handia, baina emankorra... Gustora aritu gara ideiak proposatzen, gauzatzen... Nepalgo errealitatea ezagutzea interesgarria izan da, batez ere, hango neskek zein bizi baldintza dituzten gertuago sentitzeko. Eta errealitate hura ezagutzea gogorra izan den arren, pozik gaude! Proiektuarekin lortutako dirua baliatuz, zerbait aldatzeko aukera izango delako. 5.275 euro!! Ez da kopuru makala!!

Diru hori baliatuz, hango neskatxa batek 3-4 urtez ikasketak eta mantenua ziurtatua izango dituela jakin dugu. 

Baina hau guztia ez zen posible izango herriak izan duen inplikaziorik gabe. Erantzuna itzela izan da! Biba zuek! Proiektu hau zuena ere egin duzue! Bihotz bihotzez, mila esker ! Eta Nepaldalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu aurrera eramaten duen proiektu zoragarri honengatik! 

Erlazionatuak

Lasterketa solidarioa

Noaua Aldizkaria 2023 mar 17 Usurbil

Elkartasun uholde itzela

Noaua Aldizkaria 2023 mar 18 Usurbil