Adostasuna Michelinen, lau urterako lan hitzarmena sinatuko dute

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 23a, 09:33

Erreferendum bidez langileen gehiengoak enpresako zuzendaritzak egindako azken eskaintza onartzea erabaki dute.

Adostasuna Michelinen. Aste hasierako greba egunaren ondotik, enpresa zuzendaritzak asteartean egindako azken eskaintzari zer erantzun erreferendum bidez erabaki dute ostegunean; langileen batzordetik berri eman dutenez, gehiengoak baiezkoa eman du. Alegia, Michelingo enpresa zuzendaritzak egindako azken eskaintza babestea onartu dute. Horrek bi ondorio nagusi izango ditu; batetik, azken asteotako protesta ekintzak bertan behera uztea erabaki dute langileek. Eta horrekin batera, lau urterako hitzarmena sinatuko dute.

Gogoan izan, bermedun lan hitzarmen duina galdegiten ari ziren langileak. Hitzarmen honen alde borrokan izan dira azken asteotan. Ekaineko lehen asteburuaren bueltan eta iragan den horretan ere lanuzte partzialak eta egun osoko grebak egin zituzten langileek. Michelin bitan geratu dute egun osoz, ekainaren 5ean eta 19an. Haien eskakizun eta protestak lantegi atarira soilik ez, Donostiara autoz edota Lasartera eraman zituzten, manifestazio jendetsuen bidez.