Balantze horretan ondorio nagusi bat nabarmendu nahi izan dute; "argi geratu da emakumeok* ezin ditugula festak askatasunez eta berdintasunez bizi, sexu erasoen beldur izan gabe", Kafe Tertuliakoen esanetan. Gutxienez, zazpi izan ziren festetan izandako erasoak.
Testuinguru honetan, ohartarazi dutenez, "borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauak ere gureak izan arte!".
Hemen kaleratu duten oharra:
Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministaren oharra
Festetan pairatutako erasoen harira:
Aurten ere festak amaitu dira eta argi geratu da emakumeok* ezin ditugula festak askatasunez eta berdintasunez bizi, sexu erasoen beldur izan gabe. Zazpi izan dira gure esku artera iritsi diren erasoak, nork daki zenbat izan diren isilpean geratu direnak.
Nazkatuta eta larrituta gaude egoera honekin, Usurbilgo kaleak ere gune ez seguruak dira guretzat. Jarrera oldarkorrak, babosoak, inbasiboak eta baita irainak ere jasan behar izan ditugu festetan zehar.
Festen aurretik esan genuen, festetan zehar ere, orain berriz esaten dugu eta behar bada mila aldiz oihukatuko dugu, ez dugula onartuko horrelako jarrerarik! Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu! Borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauak ere gureak izan arte!
Ez badakizu egoten ez etorri!
Usurbilgo Kafe Tertulia