Osoko bilkura

Orain bai, Txirikordako lanak amaitze bidean

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 29a, 21:30

Udalak Muriasekin zuen Txirikordako lanen exekuzio kontratua behin betiko suntsitua geratu dela berri eman dute gaurko osoko bilkuran. Horrek Ugartondoko eraikinaren lanak amaitzea ahalbidetuko dio Udalari.

Nobedade garrantzitsuak Txirikorda egitasmoari dagokionean. Dakizuenez, lanen %99,99a amaitua izan arren, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko lanak amaitu ezinik zen Udala eta hala salatu zuen iragan urria hasieran egindako ezohiko osoko bilkuran. Udalak eskuak lotuak zituelako minduta agertu zen udal gobernu taldea Ugartondoko eraikinarekin gertatzen ari zena ikusita. "Kontratu baten biktimak gara", azaldu zuen argiki Agurtzane Solaberrietak.

Txirikordari lotutako exekuzio obra kontratuari buruz ari zen. Udalbatzak aho batez kontratu hau suntsitzea erabaki zuen, Ugartondon kokaturiko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanez arduratu behar zuen Construcciones Murias S.A. enpresak bere gain hartuak zituen konpromisoak ez zituelako bete, eta ez behin, behin baino gehiagotan, udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez.

Udalak obragatik zegokiona ordaindu arren, diru kopuru hau "ez zen iristen behar zen enpresetara". Ondorioz, langileak ez ziren zegozkien ordainsariak jasotzen ari. Enpresak beste hainbat obretan zituen zorrak tarteko, langileei ordaindu ezinik zebilen. Udalak ordaindu bai, baina dirua ordea "ez zen iristen behar zen" tokira. Langileak ere urte hasieran lan egiteari uko egiten hasi ziren.

Ordutik Udalak enpresarekin hainbat bilkura egin eta egoera ez zela bideratzen ikusita, urria hasierako ezohiko osoko bilkuran udalbatzak Udalak Muriasekin hitzartua zuen obra kontratua suntsitzeari aho bateko onespena eman zion. Kontratu hau suntsitu arte, Udalak Txirikordako lanak ezin zituela amaitu ohartarazi zuen halere.

"Berriro geureganatu dugu Txirikorda"
Hemen gaurko osoko bilkuran heldu diren nobedadeak. Onespen haren ostean alegazio epea zabaldu zen. Tarte horretan halakorik ez balego, kontratu suntsipena behin betikotzat joko zuela iragarri zuen Udalak eta hauxe da gertatu dena. Iragan azaroaren 10az geroztik kontratu etenaldi hori behin betikoa dela jakinarazi du udal gobernu taldeak gaurko osoko bilkuran. Kontratua etenda eta enpresa horrekin orain arteko obrak likidatu ostean, pozarren adierazi dute udal gobernu taldetik, "berriro geureganatu dugu Txirikorda".

Horrek Txirikordako lanak amaitzea ahalbidetuko dio Udalari. Dagoeneko, aste honetatik bertatik aurrera, falta diren lanak hilabeteko epean amaitzeko enpresa kontratatua dute eta obren atzerapenak eta haren baitan gertatu den guztiagatik edota kontratu suntsipenagatik udalak eta herri honek jasandako kalteagatik kalteordainak eskatuko dizkiola Murias enpresari iragarri dute udal gobernu taldetik. Gaiotan espezializaturiko abokatu talde baten aholkularitza zerbitzua jasoko du Udalak zereginotarako.

Urrats hauekin guztiekin bat egin dute udal talde guztiek gaurko osoko bilkuran, aho batez onartu dituzte.

Otsailerako ireki nahian
Txirikordarekin gertatu dena ikusita, zailtzat jotzen du udal gobernu taldeak oraintxe belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa ireki eta bizilagunak bertara joateko datak zehaztea. Baina balizko epe batzuk finkatu ditu gaurko osoko bilkuran. Lehenbizi, "gabonen ostean, etxebizitza kontratuak sinatzen hastea nahi genuke", adierazi du alkateak. Horrekin batera, Ugartondoko eraikinean biziko direnei etxea ekipatzen hasteko aukera ematea nahi lukete urte hasieran eta gero, "otsaila hasieran jendea bertan bizitzen hastea nahi genuke". Bistan denez, orain bai, Txirikordaren eraikitze lanak azken txanpan dira.

Erlazionatuak

"Kontratu baten biktimak gara"

Noaua Aldizkaria 2023 urr 11 Usurbil