Osoko bilkura

Muriasek ordaindu beharreko behin-betiko kalte-ordaina zehaztu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 10:32

211.632,36 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Txirikorda eraikitzeaz arduraturiko Murias enpresak Usurbilgo Udalari, bere gain hartuak zituen konpromisoak bete gabe utzi ostean. Izan ere, lanak amaitu gabe utzi zituen.

Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak ez betetzeagatik, 211.632,36 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio enpresa eraikitzaile Murias enpresak Usurbilgo Udalari. Kopuru horren baitan daude, Muriasek amaitu gabe utzitako obra bukatzeko kontrataturiko azpikontratak, udal brigadak eginiko lana eta baliaturiko materiala, bertan bizitzen jarri izan ezin izan dutenei kobratu gabeko alokairuak, udal arkitekto teknikariaren dedikazio gehigarria edota kontratu suntsipenerako Udalak kontratatu behar izan duen aholkularitza zerbitzua.

Txirikordako eraikitze lanak amaitzeko hartutako konpromisoa ez betetzeak "eragindako kalte eta galeren konpentsazioagatiko" 200.000 eurotik gorako kalte-ordain hori zehaztea onartu zuen udalbatzak martxoaren 21eko ezohiko osoko bilkuran. Modu horretan, behin betiko onartu zuen Txirikordaren obra kontratu suntsiketaren likidazio juridiko eta ekonomikoa, otsailaren 26ko saioan behin-behinean onartu ostean. Tarte honetan, Construcciones Murias S.A. enpresak aurkezturiko alegazioak ez onartzea ere erabaki zuen udalbatzak. 

Gogoan izan, udalbatzak aho batez Muriasekin sinatua zuen Txirikordaren obra kontratua  suntsitzea erabaki zuen azaroaren 29ko osoko bilkuran, Ugartondon kokaturiko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanez arduratu behar zuen Construcciones Murias S.A. enpresak bere gain hartuak zituen konpromisoak ez zituelako bete, eta ez behin, behin baino gehiagotan. 


Kobraketa

Udalak kopuru hori kobratzeko "kontratistak kontratu honetarako Usurbilgo Udalean ezarritako bermeak exekutatzea" ere erabaki zuten udal ordezkariek. Gainontzerakoan, konfiskatutako bermeen zenbatekotik gora eragindako kalte-galerak kobratzeko Udalak dagokion legezko prozedura jarraituko du". Hala, udalbatzak onartu zuenez, kontratistari jakinaraziko zaio kontratu horren 101.610,71 euroko bermea berrezarri beharko duela 15 egun naturaleko epean, "aurreko bermeen exekuziotik zenbatzen hasita".

Berriki hedabideek ezagutzera eman moduan, Murias hartzekodunen lehiaketan murgildua dago. Udal gobernu taldetik martxoaren 21eko osoko bilkuran iragarri zutenez, Usurbilgo Udala hartzekodun gisa agertuko da lehiaketa horretan.

Kontratu suntsiketatik
Kalte-ordainen zenbatekoa zehaztu eta kalte-ordain hau kobratzeko bidea finkatu aurretik, bide luzea egin du gai honek. Muriasek bete gabeko konpromisoengatik, udazkenean, obra kontratua suntsitzeko udalbatzak hartutako erabakiaren haritik dator kalte-ordaina zehaztu eta eskatzea. Hemen azken hiru urteotan gai honek izan duen ibilbidea:
-2021/04/29: exekuzio obra kontratatzeko espedientea onetsi zuen udalbatzak.
-2021/09/30: Txirikorda eraikitzeko lanak Construcciones Murias S.A. enpresari esleitu zizkion udalbatzak. 
-2021/10/05: 1,9 milioi euroko obra kontratuaren sinatzea.
-2022/01/14: obra kontratuaren aldaketa, obra gehigarriak txertatzeko. 49.162,90 euroko aldaketa, esleipen prezioarekiko %2,52ko igoera.
-2022/01/27: aldaketa hori berretsi zuen udalbatzak.
-2022/09/29: obra kontratuaren bigarren aldaketa, "obra gehigarriak zein funtsezkoak ez diren aldaketak txertatzeko". 29.739,41 euroko aldaketa, esleipen prezioarekiko %1,52ko igoera.
-2023/03/30: prezioen salbuespenezko berrikuspena egitea baimendu zuen udalbatzak behin-behinean; 136.374,27 eurokoa zela zehaztu zuen.
-2023/10/10: obra kontratuaren suntsitzeko prozesua abiatzea erabaki zuen udalbatzak, "kontratistari egotz dakiokeen kontratuaren epea ez betetzeagatik". Hamar egun eman zitzaizkion kontratistari eta abal-emaileari alegazioak aurkezteko, baina ez zuten halakorik egin.
-2023/11/20: gauzatutako obren likidazioaren neurketak egitea erabaki zen dekretu bidez. 
-2023/11/29: azaroaren 10etik obren exekuzio kontratuaren suntsipena behin betikotzat jo zuen udalbatzak, likidazio juridiko eta ekonomikoa zehaztu eta kalte-ordainei erantzuteko bermeak inkautatzeko erabakia hasieraz onartu zuten. 
-2024/02/26: alkate dekretuz, kontratu suntsiketaren likidazio juridiko eta ekonomikoa abiaraztea eta likidazio horren behin-behineko emaitzak eragindako kalte-ordaina zehaztea erabaki zuen Udalak, kontratistari eta berme-emaileei behin-behineko proposamen hau helarazi eta alegazioak aurkezteko bost eguneko epea ezartzearekin batera.
-2024/03/08: kontratistak alegazio ezberdinak aurkeztu zituen.
-2024/03/21: alegazio horiek onartu ez, eta behin-betiko kalte-ordaina zehaztu zuen udalbatzak, kalte-ordain hau kobratzeko kontratistak ezarritako bermeak exekutatzea onartzearekin batera.