Bart gauerdiko kanpai hotsen zain izango ziren herritar gehienak, urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria emateko irrikitan. Kanpai hotsen erritmora hamabi mahats aleak irensteko ahalegin ederra egingo zuen batek baino gehiagok.
Nortasun propioa duen udalerria izanik, Usurbilek gaur goizean eman dio ongi etorri beroa estreinatu berri dugun 2025. urte honi. Bestelako kanpandorre eta erlojuen inbidiarik gabe, Salbatore elizako ezkilak joz harrera beroa egin diote urte honi, goizeko hamaiketako kanpai hotsen ostean.
Irudiotan dituzue, trebe asko ezkilak jotzen aritu diren herrikideak; Iban eta Iñigo Etxaniz eta Iker Muguruza hirukotea. Eskuz, erritmo ezberdinetara, ezkil hots ederrak entzun dira elizan egitekoa zuten meza nagusiaren aurretik.
Artze anaien ohitura berreskuratzen
Gaur ezkilak joz urte berriari ongi etorria emate hau ez da azken orduko burutazio bat izan. Gogoan izango duzue, Jexux Artze Kultur Elkarteak azaroaren 9an ospaturiko Txalaparta Festa egunari ere modu honetan eman zioten hasiera goizean goiz. Antolatzaileek historikotzat jo zuten egun hura, Usurbilgo kulturgintzarentzat. Izan ere, 1996. urtetik galdua zen ohitura berreskuratu zuten modu horretan.
Garai batean, 1980an hasi eta 1996ra arte urteko egun seinalatuetan Artzetarrek abiarazitako ohitura galdua zena berreskuratu zuten, ohorezko gonbidatuekin, gainera. Ezkilak jotzeko ohitura berreskuratzen lehena, Martin Larrañaga izan zen. Usurbilgo alkate ohia izan zen hain zuzen, 1996an, ohitura hau galtzear zela, ezkilak jotzen ibili zen azkenetakoa. Berarekin batera, ezkilak jotzen aritu ziren azaroko jaialdian Iker Muguruza eta Jurgi Fuentes herrikide eta Jexux Artze K.E.-ko kideak.
Ekitaldi irekia izan zen hura, hainbat herrikideek kanpandorrera igo eta ezkilak jotzeko aukera izan zuten Txalaparta Festa egun hartan.
Gaur errepikatu dute esperientzia. Urte berriari ongi etorria emateko baliatu dute asteazken goiz honetan, tradizio honen berreskuratzea. Aurrerantzean, gehiagotan ere ikusi eta entzungo ditugu. Izan ere, Usurbilen seinalatuak ditugun hainbat egunetan Artze anaien tradizio hau biziberritzeko asmotan dira.