Jai eta aisialdi guneetako indarkeria matxistaren aurreko jarduketa protokolo eguneratua aurkeztu dute aste hasiera honetan Udalak, Usurbilgo mugimendu feministak, gazte mugimenduak, herri nahiz auzoetako jai batzordeetako ordezkariek edota Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.
Prebentziora, sentsibilizaziora nahiz erasoak gertatzen direnerako jarraibideak jasotzeaz gain, hainbat baliabide ere prestatu dituzte. Horietako bat, "eraso matxista baten lekuko bazara, entzun, ez epaitu, babestu", aldarria daraman kartela duzue.
Leku seguruak
Horrez gain, formakuntza saio bat jasotzekoak dira protokoloa landu duten eragileak, jaietako antolatzaileak edota ostalariak. "Eragileok konpromisoa hartzen dugu festak hasi aurretik taldekide guztiek protokoloa ezagut dezaten, eta jakin dezaten halako erasoren bat gertatzen bada zer egin behar den", jakinarazi dute.
Usurbilgo herri eta auzoetako festa bakoitzean leku seguruak egokituko dituzte. Dagoeneko zehaztu dituzte. Honako hauek izango dira;
-Kalezarko jaietan: haur eskola, garai bateko Eguneko Zentroa.
-Usurbilgo jaietan: Gaztelekua.
-Zubietako jaietan: Kaxkape.
-Urdaiagako jaietan: elizako txokoa.
-Atxegaldeko jaietan: Gaztelekua.
-Santueneko jaietan: Santuenea 12an kokaturiko auzo elkartearen egoitza.
-Aginagako jaietan: Eliza Zaharreko biltegia.
-Sagardo Egunean: Gaztelekua.
Uztailaren 1etik 6ra ospatuko ditugun Usurbilgo jaiei begira, aurreko urteen ildotik, jaien egunik jendetsuenetan, aurten, hilaren 4an eta 5ean, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du Udalak Emagin elkartearen bidez. Zerbitzu bikoitza eskainiko dute; batetik, bai uztailaren 4an eta 5ean, informazio gunea ezarriko dute 21:00-00:00 artean Mikel Laboa plazan eta segidan, arreta puntua egokituko dute Gaztelekuan gauerditik goizaldeko 6:00ak arte.
"Indarkeria matxistari erantzun kolektiboa"
"Indarkeria matxista jasandako emakumeei eta LGTBIQA+ pertsonei behar duten arreta eta babesa ematea" du helburu. 2019an landua zutena eguneratu eta indartu dute elkarlanean, iragan udazkenean Udalak gai honi lotutako erakunde arteko protokoloa eguneratzeari ekin ostean.
Haiek guztiek aipatu dutenez, "protokoloak berritasunak ditu eta gure ustez, orain arte geneukana hobetzen goaz, bai sentsibilizazio eta prebentzioari begira, zein kasuak gertatzen direnean erantzunei begira". Protokoloaren bidez, "indarkeria matxistari erantzun kolektiboa" eman nahi diote. Erantzun hori gauzatzea "denon ardura izango da" gogorarazi dute aipatu eragile guztiok; "alegia, denon gain dago prebentzio eta sentsibilizazio lana egitea eta kasuak gertatzen direnean erantzun egoki bat ematea".