Gaurko ez zegoen programatua kalejirarik. Baina agertu orduko, haur mordoa hurbildu zaie. Usurbilgo Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari buruz ari gara. Izan ere, konpartsako lau erraldoiak ekarri dituzte uztaileko lehen astean ospatuko diren herriko festak aurkezteko, astelehen honetan, ekainaren 16an, Mikel Laboa plazan jai batzordeak eginiko aurkezpen ekitaldira. Aipatu moduan, ez dira kalejiran ibili, baina hitzordu honetako protagonisten artean egon dira. Haiek baino ez, gaurkoan buruhandiak falta ziren.
Izan ere, gogoan izan, iragan ostegunean, Lauburu konpartsak eta Usurbilgo Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zutela udaletxean. Une hartan, bilgune horretatik bi berrikuntza garrantzitsu iragarri zituzten, bestelako aldaketen artean; batetik, Usurbilgo jaietan soilik ez, konpartsak aurrerantzean herri eta auzoetako jaietan ere parte hartuko dutela; Kalezarko festetan lehenik, larunbat honetan bertan, ekainaren 21ean, arratsalde partean.
Horrekin batera, sei buruhandi berri izango ditu aurrerantzean Lauburuk. Haiek, lehen aldiz, Santixabelen hasiera ekitaldi ofizialean ikusi ahalko ditugu; hau da, uztailaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan udaletxe aurrean. Lauburuk iragan astean iragarritakoa berretsi du gaurkoan jai batzordeak, datozen herriko festak aurkezteko Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldian zehar. Alegia, "uztailaren 1ean irtengo dira lehenengo aldiz, buruhandi berriak".
"Beste sorpresatxo bat"
Baina gaurkoan, beste nobedade bat ere aurreratu dute zehaztasun gehiago eman gabe. "Adi, txupinazoan ere beste sorpresatxo bat egongo da". Usurbilgo jaien hasiera ekitaldira gonbidatu gaituzte.
Hemen duzue, Lauburuk eta Usurbilgo Udalak datozen buruhandi berrien harira egunotan plazaraturiko aurrerapen bideoa. Albiste honi atxikiak dituzue, bestalde, aipatu bi eragileok izenpeturiko hitzarmenaren nondik norakoak biltzen dituzten bi albiste.