Usurbilgo jaiak

Indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo eguneratua jaiotarako

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 16a, 19:15

Protokolo horren baitan, datozen Usurbilgo festetarako baliabideak zeintzuk izango diren aurkeztu ditu jai batzordeak astelehen honetan eginiko aurkezpen ekitaldian.

Duela astebete, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean jakinarazi zuten moduan, 2019an landua zuten eraso matxisten aurreko jarduketa protokoloa eguneratu eta indartu dute lankidetzan Usurbilgo Udalak eta hainbat eragileek (Usurbilgo mugimendu feministak, gazte mugimenduak, herri nahiz auzoetako jai batzordeek edota Sagardo Egunaren Lagunak taldeak) azken hilabeteotan.

Protokoloaren berritasunak aurkeztu zituzten prentsaurreko bidez. "Gure ustez, orain arte geneukana hobetzen goaz, bai sentsibilizazio eta prebentzioari begira, zein kasuak gertatzen direnean erantzunei begira", nabarmendu zuten. Orain arte bezala, "indarkeria matxista jasandako emakumeei eta LGTBIQA+ pertsonei behar duten arreta eta babesa ematea" du helburu. Gogorarazi zutenez, protokoloak jasotakoa "gauzatzea ere denon ardura izango da".

Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Albiste honi atxikiak dituzue agerraldi hari buruzko xehetasunak. Hainbat kontu gaur ekarri ditu gogora jai batzordeak, datozen Usurbilgo festak aurkezteko Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldian. Indarkeria matxistari aurre egiteko "eraso matxista baten lekuko bazara, entzun, ez epaitu, babestu" aldarria daraman jarduketa protokolo eguneratu horren testuinguruan, Santixabelei begira egin asmo dutena azaldu dute.

"Azken urteetan, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarri izan da", ekarri dute gogora. Hain zuzen, Udalak Emagin elkartea kontratatu ohi du zeregin horretarako herriko mugimendu feministarekin lankidetzan. "Aurten ere hala izango da", berri eman dute. Hala, jendetsuenak izatea aurreikusiak dauden jaiegunetan, oraingoan, uztailaren 4an eta 5ean hain zuzen, "informazio gunea eta arreta puntua jarriko dira". Informazio gunea Mikel Laboa plazan kokatuko dute bi egun horietan arratsaldeko 21:00etan hasi eta gauerdira arte. Hortik aurrera, arreta puntua kokatuko dute Gaztelekuan bi gau horietan, gauerditik goizaldeko 6:00ak arte.

Lehenengoak, "eraso matxisten inguruko kontzientzia lantzeko balio du"; bigarrena, aldiz, "jaietan gerta daitekeen edozein intentsitateko erasoren aurrean, aurrez aurreko arreta emozionala zein bidelaguntza eskaintzeko baliabidea izango dugu".

Leku segurua
Horrekin batera, duela astebeteko aurkezpenean aurreratutakoa gogorarazi du baita jai batzordeak. Izan ere, berritasun bat izango da oraingoan; Usurbilgo herri eta auzoetako jai guztietan leku seguruak egokituko dituzte. Kalezarko San Joanetan, haur eskolako eraikinean kokatua egon den Eguneko Zentroko egoitza ohia izango da. Usurbilgo festetan, aldiz, Gaztelekua izango da zeregin hau beteko duena. "Emaginen zerbitzurik ez den egunetan zerbait gertatuko balitz, jaigunetik aparte eta era berean eskura egongo den leku segurua Santixabeletan Gaztelekua izango da", iragarri dute jai batzordetik.

Gune hau baliatzeko beharra duenarentzat bere funtzionamendua azaldu dute. "Gaztelekuko atean kutxa bat jarriko du Udalak Gaztelekuko giltza barruan duela. Norbaitek bertara jotzeko beharra balu, taberna eta txosnetan eskatu ahal izango du kutxa hori irekitzeko kodea".