2025ari gainbegiratua

Bizi asko joan zitzaigun azaroa ere

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Hamaika hitzordu eta gertakari izan genituen azaroan. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Hildakoak oroitzeko egunez, bizi asko ekin zion azaroari Gau Beltza ospatzetik zetorren herri honek. Hitzorduz betetako hilaren 1a izan genuen, hasteko, Aitzaga Kultur Elkartearen Artisau Azokarekin. Sutegin, Usurbil F.T.-ren 50. urtemuga zikloa abiarazitako bertso derbia egin zuten, Realaren eta Athleticen gzionezko taldeen arteko neurketa jokatu aurreko orduetan.

Dantza batean joan zitzaigun eguna, goiz partean Orbeldi Dantza Taldeak Oiartzungo eta Iruñeako dantzariekin batera herrian barrena eginiko kalejirarekin. Arratsaldean, Belmonte auzo elkarteak hartu zuen egun osoko Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta jaialdiaren lekukoa. Erromeria izan zuten eta Kalezarko plazan kabitu ezinik izan ziren.

Hildakoak oroituz hasi genuen azaroa eta heriotza izan zuen ardatz hain zuzen, astebete geroago eginiko Bizipoza jardunaldiak Sutegin. Heriotzaren pedagogiaz lekukotza hunkigarri bezain biziki interesgarriak ezagutu genituen, baita Bizipoza baitako elkarteek nola zeharkatzen dituen gai honek. Kultur-etxeko auditorioko aforoa bete zuen hitzorduak.

Egun berean, hunkidura handiz oroitu zuten Julen Lejardi Araolaza, bere heriotzaren bigarren urtemugan. Lore sorta eta dantza batekin jaso zuten Oiardo kiroldegian zirenen berotasuna bere senideek, Usurbil K.E.-k antolaturiko hitzorduan.

Omenaldi gehiago ere izan ziren. Izan ere, bidelagunen gorazarrea jaso zuen Jakoba Errekondok, Rikardo Arregi sarien banaketan. Ohorezko mugarria eman zioten usurbildarrari, Andoaingo Bastero Kulturgunean eginiko ekitaldian.

Aitortza gehiago eta txapeldunak
Aitortza gehiagorako tartea ere izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko KirolGalan hainbat herrikideren ahalegina aitortu zuten. Distira saria jaso zuen Esther Arrojeriak. Horrekin batera, Gipuzkoarren Kirola saria jasotzeko hautagaien artean izan ziren hainbat herrikide; Arrojeria, Nahia Zudaire eta Irati Aranguren Carbayeda txirrindularia baita Iñaki Almandoz Askatuak saskibaloi taldearen sortzaile eta lehendakaria ere.

Aste haietan, Arangurenen fitxaketa iragarri zuen Laboral Kutxa taldeak.

Txapelketei dagokienean, 71 herrikideek parte hartu zuten, 60. Behobia-Donostian. Maddi Olaetxea Usabiaga eta Josu Urrestarazu Garcia izan ziren, azkenik, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko txapeldunak.

Azokak
Azoken hilabete izan genuen azaroa; Artisau Azokarekin hasi genuen hilabetea; amaitu berriz, Hurbilagoren Udazkeneko Azokarekin. Bertan aurkeztu zuten, iragan asteburuan banaturiko 650 Usurbil Bizi otarren edukia. Biharamunean, 24. Erle Eguna ospatu zen, urteko azoka gozoenarekin.

Azoka egun horietan, Kaleko Afari Solidarioak egitasmorako laguntza bildu zuten, herri honek lehen otordua egitea erabaki ostean.

Euskararen Astean ginela agurtu genuen hilabetea, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren “Zerua lapurtu dute” ikuskizunarekin, Aginagako Euskararen Galarekin edota kantu-jiraren eta haren ostean Santueneko Aialde Berrin eginiko kantu bazkariarekin.

Zikloak
Bi ekitaldi ziklo ere izan genituen azaroan. Usurbil 1936 elkarteak ekitaldi zikloa antolatu zuen Francoren heriotzaren 50. urtemugaren harira. "Euskal erreferentziak eta kontakizun espainiarra" zikloa antolatu zuen Nafartarrak taldeak. Talde berak aste haietan, Zuberoako ikastolak laguntzeko otarren ekimena bideratu zuen.

Testuinguru horretan, herritar talde bat asteburu pasa Urdiñarben izan zen, Seaskako integrazio batzordearen aldeko urteroko elkartasun afaria prestatzen.

Bi hamarkada edo badira ohitura horri eusten diotela. 20 urte bete zituen hain zuzen Sutegi udal liburutegiak azaroan. “Konpasetan” izeneko ekitaldi berezia egin zuten urtemuga oroitzeko sendotua duten herritarren komunitatearekin. Gerora, asteroko hamaika ipuin kontaketa eta solasaldiei segida eman zieten urteko azkenaurreko hilabetean.

Sutegin bertan, “Go!azen 12.0” telesailaren denboraldi berriko lehen atala ere estreinatu zuten bitan.

GuraSOS
GuraSOS elkartea ere albiste izan genuen urteko azkenaurreko hilabetean. Batetik, agerraldia egin zuen Donostiako epaitegi atarian, Ekondakin eta Ekobal enpresetako zuzendaritzako kideak 2022an Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurien harira ikertu gisa deklaratzen hastekoak ziren egunean. "Pentsatu nahiko genuke argiren bat ekarriko diotela ikertutako kausari", adierazi zuten.

Bestalde, aipatu elkarteak jakinarazi zuenez, "Donostiako Lehen Auzitegiko 1. Epaitegiak aintzat hartu du GuraSOSek aurkeztutako “deklinatoria” eskaera, GHK-k GuraSOSen zuzendaritzako kideei zenbait kostu judizial ordaintzeko (8.420 €) bideratu nahi zien demanda dela eta".

Udal erabakiak
Udalbatzak hartutako erabakiei dagokienean, 14 milioi euroko udal aurrekontuak onartu zituen hasieraz. Udalaren eta Aginagako herri kooperatibaren hitzarmena finantzatzeko eta egitasmo gehiagotarako kreditu aldaketa onartu zuen baita Oiardon abuztuan izandako suteak eragindako kalteen konponketak eta azkartzeko. 2026ko abonamenduetan %25eko konpentsazioa iragarri zuten.

Iragarri zuten baita, Udaltzaingoaren eta Gizarte Zerbitzuen egoitza izango den lokala egokitzera zihoazela Barrenkale 2an.

Udal gobernuak, bestalde, gaitzetsi egin zuen Bizkarreko skate parkeko obren eremuan izandako kalteak. Izan ere, hondeamakina kaltetu zuten.

Mobilizazioak
Mobilizazioen atalean, azaroaren 25eko Indarkeria Matxisten Aurkako Egunean, "Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista" aldarrikatu zuten Usurbilgo Sare Feministaren mobilizazioan. Udalak komunitatea arregune zuen erakunde adierazpena onartu zuen.

Gainerako ikastolen antzera, bestalde, Udarregiko langileek itxialdia egin zuten Agerialden, lan-hitzarmeneko konpromisoak betearazteko.

Herri zaintzailea
Hurbilago urte amaierako kanpainak girotzen hasi zen, aterkien, poltsa berrerabilgarrien eta bonboien kanpainekin. Gozoak banatzen hasi zen berriz bi astean behin Udala, “Herri zaintzailea” egitasmoaren baitan, saltokietan eta, oraingoan, baita zaintza zerbitzuetan ere.

Herri zaintzaileagoa izateko bidean, Hurbilduz proiektua aurkeztu zuten urrian Potxoenean eta azaroan Santuenean. Egun berean, bertako frontoi ondoko auzo lokala inauguratu zuten. Santuenea bizigarriagoaren alde eragiten aritu direnei gorazarre egin zien auzo elkarteak.

Korrikara begira
Datorren 24. Korrikari buruzko lehen xehetasunak ezagutu genituen azaroan; esaterako, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen hasi eta hilaren 29an Bizkaiko hiriburuan amaituko dela, “Euskara gara” aldarripean.

NOAUA! K.E.-k “Karmele” eta “Gaua” filmen proiekzioekin borobildu zuen urrian hasitako euskarazko film berrienen emanaldien zikloa. Muturreko jarreretan ez erortzeko gako bila tresna digitalen erabilera osasungarria sustatzea ardatz zuen jardunaldia antolatu zuen ere kultur elkarte honek Potxoenean.

Azkenik, duela bi urte bezalaxe, Gure Zirkukoek zortzigarren bira amaierako emanaldi zikloa eskaini zuen Urbil merkatalguneko aparkalekuan. Hasieran, hamar saio iragarri eta azkenean abenduaren 7ra arte izan ziren bertan.

Musikaz blai
Zumarte Musika Eskolak musikarien eguneko kontzertua eskaini zuen Sutegin, aurretik kalejira egin zuten herri erdigunean barrena.

Jakin genuenez, bestalde, Spotify utzi zuten 162 musika taldeek (Mihisek eta Peru Galbetek tartean) sortzaileak Israelekin izandako loturaren harira.

Uretan
Ur artetik ere albisterik iritsi zitzaigun. Sortaldek Mutrikuko olatu plantara txangoa antolatu zuen. Uraren Euskal Agentziak bildutako laginen arabera, bestalde, Asiako txirlaren "ale biziak” zeudela jakinarazi zuten, “Oria beheko lau puntutan". Jarraipen lanak egiteko kontrol-sare sistematiko bat jartzeko asmoa agertu zuen aipatu agentziak.

Azaroako argitalpenak
Azaroaren 7ko 1052. NOAUA!
Azaroaren 14ko 1053. NOAUA!
Azaroaren 21eko 1054. NOAUA!
Azaroaren 28ko 1055. NOAUA!