Abiatzear da NOAUA! Kultur Elkarteak hirugarren urtez segidan antolaturiko Kulturaldia. Urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 1era arte, askotariko sorkuntza diziplinak uztartuko ditu ziklo horrek.
Guztira bost hitzordu izango dira, lehenengo biak, asteburu honetarako programatu ditu kultur elkarte honek; Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" eta "Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako" dokumentala.
Ekitaldietarako sarrerak salgai dituzue usurbilkultura.eus plataforman, baita NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan ere. Adi, ordea, kultur elkarte honetako bazkide zaretenok merkeago eskuratu ahalko dituzue txartelak, kultur elkartearen egoitzan soilik.
Bazkidetza
NOAUA! kide izateak dakarren abantailetako bat duzue honako hau. Gogoan izan, kultur elkarte honetako bazkide izateko aukera duzue. Hartara, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Xehetasun gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
elkartea@noaua.eus
943 360 321
Bordaberri 3, behea
NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Urtarrilak 24, larunbata
19:00 Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" emanaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Arte eszenikoa eta zinematografikoa uztartzen dituen road movie bat da Itzulera, Dejabu konpainiaren azken sorkuntza.
Antzerki konpainia bateko hiru kidek Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Dokumental bat grabatzera joan dira krisi kreatiboan dauden hiru kideak, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntza bati esker. Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea.
Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratzen da lana. Hiru antzezleez gain, David Aguilar zinegilea dago oholtzan, zuzeneko irudien sorkuntza eta errealizazioan. Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat.
Esperientzia errepìkaezina da emanaldi bakoitza ikusleentzat, abenturaren parte baitira nolabait".
Sarrera: 10 eurotan, aldez aurretik usurbilkultura.eus plataforman nahiz NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 8 eurotan, aldez aurretik, kultur elkartearen egoitzan.
Urtarrilak 25, igandea
18:00 “Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez.
Gidoigilea: Idoia Garzes Aldazabal.
Zehaztasunak: "Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak".
Oharra: dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Sarrerak: 6 eurotan aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bazkideek aldez aurretik 4 eurotan, NOAUA! K.E.-ren egoitzan.