Agate Deunaren bezpera

Koplek eta trikiti doinuek giroturiko kalejira egin du Kantu Taldeak Egurtzegitik herri erdigunera

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 4a

Kalezarko Egurtzegitik herri erdigunerainoko kalejira egin du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.

Koplatan, giro ederrean plazaratu dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak, Agate Deunaren bezpera honetan, otsailaren 4an. Arratsaldeko 18:00etan ekin diote birari Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik, Egurtzegitik. Bertako hainbat egoiliar gerturatu dira auzuneko plazara edo terrazara.

Handik, aurten ibilbide berria osatu dute. Izan ere, Kalezarko erdigunea zeharkatu dute alderik alde, Belmonte kaletik barrena. Pelaioenea atariko plaza izan da hurrengo geltokia. Handik herri erdigunera jaitsi eta Sagardo edota Mikel Laboa plazetan ere geratu dira. Gune hauetan guztietan, abesten nahiz koplatan aritu dira, lurrari etengabe deiadarka, makila hotsen erritmora. Bidelagun izan dituzte Aitor Agirre Zapirain eta Antton Fernandez Lasa koplatan. Kantu taldeko trikitilariek egin dute geltokitik geltokirako lotunea.

Gogoan izan, hamazazpigarren ikasturtea hasi berritan plazaratu direla asteazken honetan, otsailaren 4an. Egun gutxitan bigarren bira egin dute herrian barrena. Izan ere, iragan larunbatean, hilaren 31n egin plazaratu ziren estreinakoz aurten, hileroko azken larunbateko kantu-jirarekin.

Hilabete honetan, hitzordu gehiago izango dituzte, gainera; batetik, otsailari dagokion azken larunbateko ohiko kantu-jira. Aldez aurretik, ordea, hilaren 13rako antolaturiko Usurbilgo herri inauteriekin bat egingo dute Kantu Taldekoek. Urderen etorreran hartuko dute parte.

Kantu Taldea, astelehen arratsaldero biltzen da Agerialdeko musika gelan.


Kantu Taldearen hurrengo deialdiak
Astelehenero
18:00 Entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.

Otsailak 13, ostirala
Urderen etorrera! 
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin". Deialdiarekin bat egin dutenen artean da, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Otsailak 28, larunbata
12:00 Kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.