Urriaren 26ra arte

Joan Mari Torrealdai Beka deialdi berrirako proiektuak aurkezteko epealdia zabalik

Noaua Aldizkaria 2026ko irailaren 2a

Joan Mari Torrealdai Beka deialdiaren hirugarren ediziorako proiektuak aurkezteko epealdiak zabalik segitzen du. Proiektuak urriaren 26ra arte aurkeztu ahalko dira.

“Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak”, hortxe Joan Mari Torrealdi Beka deialdiaren hirugarren ediziorako gaia. "Deialdi honen bitartez, euskararen eta bereziki euskaldunen esanindartzeko bideak, baliabideak eta estrategiak sustatu nahi dira", Jakin Fundazioko ordezkari Haritz Azurmendik, edizio horren aurkezpenean, uztailean Potxoenean eginiko agerraldian berri eman zuenez.

Proiektuak aurkezteko epealdia zabalik izango da, datorren urriaren 26ra arte. Gero, epaimahaiak hilabeteko tartea hartuko du egitasmook aztertu eta irabazlea hautatzeko. Urte amaieran jakinaraziko dute hartutako erabakia. Irabazleak 14.000 euro jasoko ditu.

2027ari ekitearekin batera, hasi ahalko du bekadunak lanean. Proiektua garatzeko hemezortzi hilabete izango ditu. Prozesu horretan zehar, "saiatuko gara Usurbilgo Udala eta Jakin Fundazioa, ahal den guztian bidelagun izaten, orain arte bezala".

Ekainaren 18an eta 19an izan zen. Bi eragileok UEU-ren udako ikastaroen baitan, "euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak" izeneko bi eguneko jardunaldia egin zuten Artzabalgo aretoan. Gai berbera hautatu dute beka deialdi honetarako.


Joan Mari Torrealdai Beka, hirugarren edizioa
Gaia: “Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak”.
Gaiari buruzko xehetasunak: "Joan Mari Torrealdai euskara batuaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta euskararentzako eredu estandarra sortu eta sozializatzeko borrokaren parte ulertzen zuen edozein erregistrotan hizkuntza zaindu eta adierazkorra erdiesteko helburua. Euskara bizi eta esanindartsua aldarrikatu zuen, eta baita elikatu ere, hitzaldien, zutabeen, saiakeren eta ikerketen bidez. Hizkuntza guztietan bezalaxe, euskaraz ere ezinbestekoa da adierazkortasuna lantzeko kontzientziak indartzea, azpiegitura kultural eraginkorren multzoa osatzea, baliabideak eta tresnak sortu eta sozializatzea. Horri gehitzen zaio azkenaldian piztu den kezka, minorizazio egoeraren ondorioz, adierazkortasuna euskaratik lortzeko gaitasunak eta eredu adierazkorrak gizarteratzeko bideak ahultzen ari direlakoa. Hori ikusita, beraz, premiazko jo da, ildo horretan orain arte egindako bidea abiapuntu hartuta, gaur egungo euskara adierazkorra(k) landu eta gizarteratuko dituzten proiektuak laguntzea. Hori norabide askotan gauza liteke, adierazkortasuna euskaraz trebatzeko bide gaurkotuak eskainiz (baliabidetegiak, estrategiak, lan-tresnak) edo gaur egungo behar komunikatibo askotarikoetarako ereduak entseatuz. Bereziki sustatu nahi da aurkeztutako proiektuek adierazkortasunari buruzko egiturazko gogoetak izatea abiapuntu, eta proposatutako emaitzek gizartean eta hiztunengan modu eraginkorrean hedatzeko forma izatea. Horrela, bada, deialdi honen bitartez euskararen eta, bereziki, euskaldunen esanindartzeko bideak, baliabideak eta estrategiak sustatu nahi dira.

Proiektua aurkezteko epealdia: 2026ko urriaren 26ra arte.
Proiektuaren aurkezpena: euskaraz aurkeztu beharko dira proiektuak, banaka edo taldean. Askotariko formak izan ditzake "liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa…".
Epaimahaia: iazko Ainara Lasa Perezek eta Ibai Iztueta Azurmendik eta kide berri Miren Amuriza Plazak eta Gorka Bereziartua Mitxelenak osatuko dute. Balorazio prozesua itsua izango da. Proiektuaren originaltasuna, erakargarritasuna, egingarritasuna, zehaztasun edota egokitasun maila baloratuko dute.
Bekaren zenbatekoa: 14.000 euro (erdia, beka izendapenarekin batera jasoko da; beste erdia, proiektua bukatutakoan). Bekadunak 18 hilabete izango ditu, lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko.
Lanaren zabalkundea: "antolatzaileek berariaz sustatuko dute horren gizarteratzea, betiere bi aldeen artean
adostutako bideen bitartez". Lan bekadunaren jabetza intelektuala egilearena izango da, bertatik eratorritako euskarrien jabetza, aldiz, antolatzaileena.
Deialdiari buruzko informazio gehiago, hemen: jakin.eus atarian edo jmtbeka@jakin.eus helbidean.
Antolatzaileak: Jakin Fundazioa eta Usurbilgo Udala.