Udal hauteskundeak 2019

#M26 Usurbil aldetik bi hautagai eta Donostia aldetik hiru aurkeztu dira Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeetara

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 9a, 10:04

Iragarritakoa bete du Usurbilgo Udalak: ezagutzera eman berri ditu, maiatzaren 26ko Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeetarako Usurbil aldeko hautagaiak. Bi hautagai aurkeztu dira. Donostia aldetik berriz hiru, ostegun eguerdi honetan hiriburuko Udaletik helarazi diguten informazioaren arabera.

Zubietako Herri Batzarreko maiatzaren 26ko hauteskunde prozesua aurrerabidean da baita. Apirilaren 30etik maiatzaren 7ra hautagaiak aurkezteko epea zabaldu ostean, ostegun honetan eman ditu ezagutzera Usurbilgo Udalak, Usurbil aldeko hautagaiak. Bi zubietar aurkeztu dira; Urtzi Alberdi Zulaika eta Haritz Arrizabalaga Garmendia.

Zubietako Donostia aldeko hautagaiak ere ostegun honetan bertan eman ditu ezagutzera hiriburuko Udalak. Donostia aldetik hiru hautagai aurkeztu dira Zubietako Herri Batzarreko hilaren 26ko hauteskundeetara: Jon Andoni Arroyo Arozena, Eneko Izagirre Castresana eta Ignacio Izagirre Zuloaga.

Gogoan izan, Herri Batzarra bi udalerrien artean zatitua dagoen Zubietako Usurbil zein Donostia aldeko hautagaiek osatzen dute. Lau urteko legealdia bitan zatitua egoten da; Usurbil aldeko hautagaietako batek hartu ohi du alkatetza lehen bi urteetan, Donostialdeko hautagaietako batek hurrengo bietan. 

Egun sei kideok osatzen dute Zubietako Herri Batzarra. Usurbilek hiru ordezkari ditu; Aizpea Aizpurua Arroyo, Itziar Basterrika Unanue eta Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta. Donostiak Nartxi Arrillaga Balda, Mikel Bengoetxea Iparragirre eta Fernando Iturralde Zabala.

Legealdi honek, ohi bezala, bi alkate izan ditu Zubietak. 2015-17 urte artean Usurbil aldeko hautagaitzak izan zuen alkatetza, Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta izan zen Zubietako alkate. Azken bi urteotan Donostia aldekoak, 2017-19 urte artean, Nartxi Arrillaga Baldak.

Aurrez bozka emateko aukera
Hautagaiak aldarrikatu dituzte, hauteskunde egunerako mahaikideak ere bai. Gogoan izan, maiatzaren 26an, Alamandegi etxean bozkatu ahalko dute Donostia zein Usurbil aldeko zubietarrek-. Herri Batzarrera aurkeztu diren hautagaietako bat aukeratu ahalko dute Alamandegi etxean egokituko den mahaian. Mahaikideen zozketa asteartean egin zuten Usurbil zein Donostiako Udalek. Donostiakoak lehendakaria eta bere bi ordezkoak hautatu zituen, Usurbilgoak bi bokalak eta bokalon bi ordezkoak. Guztira 9 zubietar. Egunotan helduko zaie jakinarazpena.

Hautagaiak eta mahaikideak hautatuta, bozkatzeko garaia dator orain. Aurrez botoa emateko aukera izango dute zubietarrek maiatzaren 20an dagokien udaletxean; batzuk Donostiakoan, besteek Usurbilgoan. Usurbilen, 8:00-14:30 artean.

"Datorren maiatzaren 26an Zubietako Herri Batzarreko batzarkideen hautaketa egingo da Zubietan. 1996an Usurbilgo eta Donostiako Udalek beren Organoen Araudietan “Zubietako Administrazio Organo Osagarria” onartu zuten, lurralde honen ezaugarri bereziak kontuan izanda. Usurbilgo Udaleko Alkatetza honek Zubietako usurbildar guztiei hauteskunde honi buruz hainbat xehetasun gogorarazi nahi die". Honako hauek, Udaletik bertatik berri eman dutenez:

HERRI BATZARRA BERRITZEKO HAUTESKUNDEAK MAIATZAREN 26AN
BOZKETA EGUNA
"Maiatzaren 26an izango da, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegin".

BOZKATZEKO MODUA
"Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".

ZER HAUTATZEN DEN
"Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak".

BATZARRAREN FUNTZIOAK

1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.

HAUTAGAIAK
-Nor aurkeztu daiteke? "Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako apirilaren 30etik maiatzaren 7ra arteko epea izango dute".

EGUTEGIA
-Apirilak 30-Maiatzak 7 (biak barne). Hautagaiak aurkezteko epea. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari.
-Maiatzak 7. Mahaia osatzeko zozketa egingo da.
-Maiatzak 9. Hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 20. Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 26. Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegi etxean.