Kalezar aldetik jasotako irudiotan ikus dezakezuenez, beste behin, kea dario Zubietako erraustegiari. Ke zutabeez inguratua zegoen aipatu planta larunbat goiz eta eguerdi partean. Duela astebete, abenduaren 21ean, orain arteko ke zutabe ikusgarriena herriaren begi bistan izan zen.
Martxoaren 3an martxan nahi
Gogoan izan, azaroaren 28az geroztik probaldi fasean dutela Zubietako erraustegia. Aste honen hasieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berri eman zuenez, erraustegia bera eta Zubieta gaineko gainerako azpiegiturak ere martxoaren 3an martxan jarri asmo dituzte. Aurreikusia zutena baino beranduago izango da. Izatez abendurako behar zuten lan betean. Asteleheneko bileran ordea, lehen faseko lanak martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten EAJ eta PSE nagusi dituen kontsortzioko kideek.
"Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak", GHK-ren esanetan.
Entzun ere egin da
Kea bakarrik ez, egunotan erraustegiko probaldi faseko zarata ere entzun da azken egunotan, GHK-tik iragarria zutenez, ur lurrun zirkuituko proben eraginez.