Iragan astean Gipuzkoako Batzar Nagusiek antolatuta, alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak Zubietako erraustegia bisitatzen izan ziren. Bisita honen harira Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berri eman duenez, "uda ostean", egutegia eskutan iraila aldera martxan jarri nahi dute %100ean hondakinak errausteko azpiegitura. Batzarkideek, bisitan zehar erraustegia eta Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) planta bisitatu zituzten.
GHK-ren esanetan, "TMBak 162.000 tonako edukiera du guztira, eta Gipuzkoak urtean sortzen dituen gainerako hiri-hondakinen batez besteko 135.000 tona kudeatuko ditu, nahasita datozen material birziklagarrien % 8 eta % 10 artean berreskuratuz (paper-kartoia, plastikozko ontziak, burdinazko metalak eta burdinazkoak ez diren metalak). Ondoren, hondakinak biolehortze-instalazio batera igaroko dira, pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio-instalazioko energia-ekoizpena eraginkorragoa izateko. Balorizazio Energetikoko Plantak (BEP) urtean 160.000 MWh sortuko ditu, 45.000 etxebizitza eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko adina energia".
"GHK-k kontratu-bermeak egiaztatzea besterik ez da geratzen"
GHK-ren lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan, Zubieta gaineko azpiegiturekin, besteak beste hondakinak erraustuz "zabortegien aroa behin betiko" gainditu ahalko du Gipuzkoak.
Azaroa amaieran abiaturiko probaldi fase honetan zehar, hilabeteotan sarritan ikusi da kea zeriola Zubietako erraustegia. Gogoan izan, "ofizialki" probaldi fasean dute Zubietako erraustegia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) arabera, %80an dute martxan. "GHK-k kontratu-bermeak egiaztatzea besterik ez da geratzen, instalazioa emakidadunarekin onartutako eta hitzartutako zerbitzu-baldintzetan jartzen dela egiaztatzeko", Kontsortzioak ekainaren 17an adierazi duenez. Prozesu honek 10-12 iraun ditzakeela aurreikusten du eta horren ostean jarriko dute %100ean martxan. Egutegia eskutan, iraila aldera piztu dezakete guztiz jada martxan duten Zubietako erraustegia.