Maiatzaren 7an Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isuritarako amoniakoak ehunka arrain hil zituen. Bertako bizilagunei esker eman zen jazotakoa ezagutzera. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) hasiera batean ukatu egin zuen erraustegiak zerikusirik zuenik isuri horretan; gerora izan ziren ebidentzien aurrean, erraustegiko gunetik amoniako isuria izan zela onartu behar izan zuen.
Baina gerora, erantzukizuna erraustegia kudeatzen duen enpresari egotzi zion GHK-k. Gai honi buruz EHBilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan interpelatu zuen Kontsortzioko lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio. Agerraldi hartan, "gertaera puntual" baten gisara definitu zuen Asensiok, maiatza hasieran Arkaitzerrekan gertaturikoa. Larritzat jo eta erantzukizuna enpresa kudeatzaileari egotzi zion.
3 arau hauste administratibo (bi arin eta larri bat) egin zituela adierazi zuen. Urrats berri bat eman du orain Kontsortzioak; 45.000 euroko isuna jarri dio Ekondakin enpresari; 25.000 euroko isuna amoniako isuriaren berri ez emateagatik. Arau hauste larritzat jotzen du GHK-k. 10.000 euroko isuna kubetaren diseinuaren aldaketaren berri ez emateagatik; beste 10.000 euroko isuna pH metroa matxuratuta zegoela ez egiaztatzeagatik. Azken bi hauek arau hauste arintzat jotzen ditu Kontsortzioak.
Bide judiziala
GHK-k gaur egin duen asanbladan erabaki du isunok jartzea. Horrez gain, gogoan izan, Anerreka Ingurumen Elkarteak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik salaketa aurkeztu zuten Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan. Fiskaltzak Arkaitzerrekako isurketa "ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du" eta "egin dituen ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali ditu, berau baita kasuaren ardura duena". Ingurumenaren aurkako deliturik egon den erabaki beharko du.