Ikerketapean egon arren, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubieta gaineko azpiegituren urak kudeatzeko sistema itxi eta propioak zituztela adierazi zuen asteburuan, Arkaitzerrekan ehunka arrain agertu ostean. Euri-uren deposituak soilik isurtzen dituela, euri-urak.
Ostegun iluntze honetan ordea egoera zeharo aldatu da. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aditzera eman duenez, erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresari zigor espedientea irekitzea erabaki du. Berria egunkariaren arabera, "erraustegitik kanpoko" kamioi bat maiatzaren 7an deskarga egiten ari zenean amoniako isuria gertatu zen.
Ildo beretik, Usurbilgo Udalak ur eta hildako arrainen laginak hartu zituen Arkaitzerrekan, arrainik hilik agertu ziren joan den asteburuan. Laborategira bidali zituen. Ostegun iluntze honetan jaso ditu emaitzak. Pentsa, "inguruko erreketan, 1mg/l amoniako izan ohi da kontzentrazio ohikoa", Usurbilgo Udalaren esanetan. "Igandean, 62 mg/l amoniako neurtu ziren". Begi bistakoa honenbestez, guztiz ezohikoa zen amoniako kopurua erregistratu zela Arkaitzerrekan. "Arrainen azterketaren emaitzak jakiteko egun gehiago beharko dira".
Datuok eskutan, sare sozialen bidez Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak adierazi duenez, "ez genbiltzan oker, Asensio jauna: Arkaitzerrekako kutsadura errauste-plantak eragin du. Eta orain zer? Ze neurri zuzentzaile hartuko dituzue berriz ez errepikatzeko? Zeintzuk dira kontrol-mekanismoak? Nork babestuko gaitu? Erantzunak behar ditugu: gardentasuna".