Udala gertatu dena “ahalik eta azkarren “ erakundeekin argitzeko lanetan dabil. Jakin ahal izan dutenez, URA-k laginak hartu ditu, Diputazioko Flora eta Fauna arduradunek hildako arrainak zenbatu dituzte, ur laginak Fraisoro ari da aztertzen. “Birpopulatze neurririk ez dutela aurreikusten ere adierazi digute: ezkailuak ezin omen dira birpopulatu, eta aingirek beren kasa birpopulatuko omen dute erreka”, Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan. Isuriaren jatorria aztertzeko Donostian kokatua egon baina azken metroak Usurbildik zeharkatzen dituen errekan laginak hartu ditu Udalak. “Asensiok kontrakoa badio ere, gu nahiko ziur gaude isurketaren jatorria errauste plantan edo TMB plantan dagoela, han inguruan ez baitago beste jarduerarik. Lehen aldia da halako zerbait gertatzen dela”, gogorarazi du alkateak.
Osasun krisialdi betean gauden honetan, “gure osasuna arriskuan jar dezakeen” azpiegitura dugula gogorarazten du eta ezinegona areagotzen duela, isuri honek eta “egunerokoan ikusten ditugun ketzarrek”.
Gardentasuna eta neurri zuzentzaileak eskatu ditu
Gertakari honek agerian uzten du beste behin alkatearen iritziz, “errauste-plantak kutsadura baino ez duela zabaltzen eta isurien gaineko kontrol eza”. Zaldibarko zabortegiaren antzera, erraustegiaren kudeaketa pribatua dela gogorarazten du alkateak. Eusko Jaurlaritzaren ikuskapenak noiz egingo diren aurrez jakinarazten zaizkie eta “duela gutxi jakin dugu Ingurumen Sailak zortzi teknikari baino ez dituela horrelako azpiegitura guztien ikuskapenak egiteko”.
Erabateko gardentasun eza salatu du Usurbilgo alkateak, eta gertatu dena argitzearekin batera, dauden kontrol mekanismoak edo neurri zuzentzaileak argi uztea eskatu die. “Inguruko erakundeok eta herritarrok ez dakigu zer-nolako kontrol-mekanismoak dituen Gipuzkoako Foru Aldundiak zein GHK-ak errauste-plantaren jarduera kontrolatzeko eta, esate baterako, halako isuriak saihesteko”.