Udako etenaldiaren ostean, osoko bilkura deitu dute asteazken honetarako (irailak 16) Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eguneko gai zerrendari erreparatuta, bada Zubietari zuzenean eragiten dion puntu bat; seigarrena. Maiatza hasieran, erraustegitik Arkaitzerrekara izandako amonio isurketaren harira, mozioa aurkeztekoa da EHBildu. Ehunka arrain hil zituen istripua argitzeko ikerketa batzorde bat eratzea eskatuko du koalizioaren testuak.
Ez da Gipuzkoako EHBilduk gai hau Batzar Nagusietara eramango duen lehen aldia izango. Erakunde bereko ekainaren 24ko osoko bilkuran, koalizioak Jose Ignacio Asensio Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru-diputatua interpelatu zuen Arkaitzerrekako istripuaz.
EHBildutik hondakinen kudeaketaren gaineko kontrol publiko ezak bere arriskuak dituela gogorarazi zuten. Maiatzeko amonio isurketarekin eta iaz transformagailuan izandako leherketarekin argi geratu zela koalizioaren esanetan, Zubietako plantak arriskuan jartzen duela inguruko herritarren eta gipuzkoarren osasuna.
Osoko bilkura, zuzenean
Maiatza hasieran erraustegi ondotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan izandako isurketaren erantzukizuna erraustegia eta gainerako azpiegituren kudeatzailea den emakidadun enpresa taldeari egotzi zion Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok.
Aipatu moduan, gai honetan urrats berri bat emango dute asteazken honetako (irailak 16) osoko bilkuran; Arkaitzerrekako istripua argitzeko ikerketa batzorde bat eratzea eskatuko du EHBilduk mozio bidez. Osoko bilkura zuzenean jarraitu ahalko duzue Gipuzkoako Batzar Nagusietako seinalearen bidez: Gipuzkoako Batzar Nagusiak