Azken orduotan bolo-bolo dabil, bart gauean Euskal Herria Bildu koalizioko Gipuzkoako bozeramaile Juan Karlos Izagirrek sare sozialen bidez (https://twitter.com/JuankarIzagirre) zabaldu duen mezua. Lerrootara badakarkigu, Zubietako erraustegiari erabat lotua dagoelako da. Donostiako alkate ohiak astelehen gauean zabaldu zuen agiri bat da zeresana ematen ari dena.
"Errespetua eta ardura dira agintari bati eskatu beharreko gutxienekoak, Asensio jauna. Idatzi honetan ez dago ez bata eta ez bestea. Onartezina", hauexek Gipuzkoako Batzar Nagusietan EHBilduren batzarkide ere baden Izagirreren hitzak.
Hain zuzen, gipuzkoarron etxean EHBilduk eginiko eskaera batek jaso duen erantzunagatik egin ditu adierazpenok. Zubietako erraustegiaren egoerari lotuta argibideak emateko agerraldia eskatua zion EHBilduk, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen eta obra hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiori. Idatziz emandako bere erantzunak haserrarazi du EHBilduren ordezkaria. Eskaria jaso duela dio Asensiok, "Batzar Nagusien jakinarazpena jaso dudala, "Zubietako errausketa instalazioa zer egoeratan dagoen azaltzeko eta argitzeko".
Baina Asensiok ukatu egiten du Gipuzkoan "errausketa instalaziorik" dagoenik, eta argibideak eskatzen dizkio EHBilduri. "Kontuan hartuta Gipuzkoan ez dagoela izen hori duen instalaziorik, Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahaiari eskatzen diot azal dezala izendapen horrek zeri egiten dion erreferentzia".
Ez hori bakarrik. "Era berean, jasotako idazkia zehatza ez denez, agerraldiaren xedea zehatz-mehatz azaltzeko eskatzen dut" erantzun dio foru ingurumen diputatuaren esanetan "adeitasunez" EHBilduren Gipuzkoako bozeramaileari.
Ez da lehen agerraldi eskaera
Aipatu beharra dago, honakoa ez dela Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatua Batzar Nagusietan agertzeko EHBilduk egin duten lehen eskaria. Urteotan hainbatetan argibideak ematea eskatu diote Zubietako erraustegiari buruz. Azken aldiz, abenduan bertan eta bitan; agerraldietako bat EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskaturikoa izan zen. Eta saio berean, Asensiok berak Gipuzkoako parlamentuan bertan hitza hartu eta erraustegiari buruzko azalpenak ematea galdegin zuen, Aldundiaren esanetan "ofizialki" Zubieta gaineko planta guztiz martxan jarri eta egun gutxira.