Hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkak konpontzeke eta bizirik segitzen du 2022. urtean ere. Horren adibide, batetik, albiste honi atxikitako irudiak. Azken 24 orduotakoak dituzue, Zubietako erraustegikoak. Kea zerion, ke zutabe handia, azken urteotan sarritan ikus daitekeen moduan. "Ohiko" irudian bilakatu zaigu eta jada.
Eta albiste dugu erraustegia, epaitegiengatik. Ostegun honetan, urtarrilaren 13an, auzitegietan hizpide izango dutelako erraustegia. Azaroan ohar bidez GuraSOSek bi "ikerketa penal" zabalik daudela gogorarazi zuen GuraSOSek, "2489/2019 eta 991/2020 aurretiazko eginbideak, ingurumen-delituagatik Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian jarraitzen direnak, ingurumen-baimen horrekin eta erraustegiaren funtzionamenduarekin zerikusia dutenak. Azken horretan, 2022ko urtarrilaren 13an hainbat inputatu deklaratzea aurreikusita dago, besteak beste, GHK foru-erakundearen ordezkaria".
Fiskaltza eta GuraSOS, akusazio moduan
Urtarrilaren 13a, ostegun hau izango da. Deklarazio hartze honi buruzko xehetasunak ohar bidez argitu ditu GuraSOSek. Ostegun goizeko 9:15etan hasiko da. "Deklarazioak Kalkutako Teresa plazako (Atotxako) justizia jauregiko 13. aretoan egingo dira". Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian. Ikertuko dena Arkaitzerrekako 2020ko maiatzeko hondamendia izango da. Gogoan izan, erraustegiaren eremutik isuritako amoniakoak ehunka aingira eta arrain hil zituen. "2020ko maiatzaren 7tik 11ra bitartean Arkaitzerrekako errekara ur amoniakatua isurtzea eta horren ondorioz, errekan zeuden uretako 4 espezie desagertu ziren, besteak beste, aingira, babes berezia duena" GuraSOSen esanetan, eta hauxe da hain zuzen epaitegietan ikertuko dutena. Aipatu elkartetik gaineratu dutenez, "Guardia Zibileko UCOMA taldeak egindako ikerketan, arraietan kutsatzaile organiko iraunkor arriskutsu eta kantzerigeno bat (kloroaolkanoak) zegoela ere ikusi zen, eta egiaztatu zen ez zegoela kutsadura atmosferikoa gertatzea bermatuko zuen etengabeko neurketarik".
"Inputatu" gisa deklarazioa hartuko zaie "991/2020 aurretiazko eginbideen barruan, errauskailuaren funtzionamenduari dagokionez ingurumenaren aurkako ustezko delituagatik": "Ekobal enpresako -erraustegiaren eragiketaz (funtzionamenduaz) arduratzen den enpresako- 2020ko maiatzaren 7ko txandako buruari; Ekobaleko txandako operadoreari; Ekobaleko beste txandako buruari; Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) legezko ordezkariari, labeez arduratu zen Alemaniako enpresaren arduradunari (erraustegiaren emakidadunen bazkide teknologikoa (SBE)".
Deklarazio hartze hauetan, "fiskaltzak eta GuraSOS elkarteko abokatuak hartuko dute parte akusazio moduan eta ikertutakoen defentsak".