Azaroaren 15ean eta 17an Zubietako erraustegia hizpide izan zuen agerraldi banari lekua egin zioten Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean. Zehazkiago esanda, lehenbizi, Elkarrekin Gipuzkoa taldeak eskatuta agerraldia egin zuen GuraSOS elkarteak, Jose Ignacio Asensio alor horretako foru diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakaria "ustezko ingurumenaren aurkako delituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik" ikertua izaten ari zela ohartarazi ostean. Bi egun beranduago, Asensiok berak egin zuen agerraldia batzorde berean. “Ez dut epaitegietatik inongo zitazio ofizialik jaso”, adierazi zuen batzarkideen aurrean, berari egotzitakoa guztiz ukatzearekin batera.
Bi egun lehenago GuraSOSeko ordezkaritzak bere agerraldian zehar, erraustegiari buruzko kanpo-auditoretza eta elkarrizketa mahaia osatzea galdegin zuen Ingurumen Batzordean, hondakinen alorrean Gipuzkoan dagoen gatazkari irtenbide adostu bat emateko. Eskaera harekin bat egin zuen Euskal Herria Bilduk, hilaren 17an Asensiok egin zuen agerraldian. Luix Barinagaerrementeria batzarkideak iragarri zuenez, “auditoretza independentea eta publikoa eskatuko dugu Zubietako plantaren inguruan, ezinbestekoa delako, oso gai delikatu eta garrantzitsua delako, arazo batzuk daudela ikusten delako ez direnak behar bezala erantzuten”.
"Presazkoa da auditoretza hori egin eta batzarkide taldeen esku jartzea"
Eskaera hauxe eramango du EHBilduk hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak ostiralean, abenduaren lehenean egitekoa duen saiora. Goizeko 10:00etan hasiko den saioa zuzenean eskainiko dute Batzar Nagusien webgunetik.
Eskaera urriaren 26an aurkeztu zuen EHBilduko ordezkari Luix Barinagaerrementeriak. Honela dio: "Ebazpen proposamena, presazkoa, Zubietako hondakinen plantaren inguruko auditoretza independente eta publiko bati buruz, Jasangarritasun Batzordean eztabaidatua izan dadin".
EHBildutik nabarmentzen dutenez, "presazkoa da auditoretza hori egin eta batzarkide taldeen esku jartzea eta, beraz, ebazpen proposamen honen eztabaida ematea, Gipuzkoako Batzar Nagusiek epaibidearen aurrean hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko informazio independentea eta osoa izan dezaten". Proposamen hau onartuko balitz, honakoa eskatuko liokete Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari; "Zubietako hondakinen plantaren inguruko auditoretza independente eta publiko bat egitea, sei hilabeteko epean".
Koaliziotik ebazpen-proposamen horretan azaldu zutenez, "Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegiak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidenteari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun foru-diputatuari ikerketa ireki dio Ingurumen Fiskaltzak hala eskatuta. Baita GHKko zuzendari teknikoari eta GHKko beste bi arduradunei ere. Fiskaltzaren iritziz, emandako gertakariak direla eta, ingurumenaren aurkako delitu bat egon daiteke, baita dokumentuen faltsutze delitua ere".
Osoko bi zuzenketa
EHBilduk aurkezturiko ebazpen-proposamenari dagoeneko bi osoko zuzenketa aurkeztu dizkiote testuari: lehenengoa azaroaren 6an Elkarrekin Gipuzkoak, haiek aurkeztutako "testua egokiagoa" dela ohartarazita. "Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari sei hilabeteko epean Zubietako erraustegiari buruzko auditoretza independente eta publikoa" Euskal Herriko Unibertsitateak egitea eskatzen du alderdi honek.
Bigarren osoko zuzenketa PSE eta EAJ alderdiek elkarrekin aurkeztu zuten, azaroaren 10ean. Bi alderdiok lau puntuko ekimena erregistratu zuten eta bertan nahi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek "erabateko konfiantza" adieraztea "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko eta GHK SAUko langileak eta arduradunak egiten ari diren lanarengan. Baita gardentasun osoz egiten duten lan eta kudeaketarengan ere, zeinaren berri ematen den Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzar Nagusian".
Ildo beretik, "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eskatzen diote jartzeko Gipuzkoako Batzar Nagusien eskura, eta beraz batzarkide-taldeen eskura, partzuergo horrek urtero egindako auditoretza-txostenak, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren auditoretza-txostenak ere, beti egin den bezala gardentasunez eta zorroztasunez jokatuz".
Hirugarrenik, "beste behin ere, galdatzen dute amaiera emateko langileen eta enplegatu publikoen eta GHKko zuzendaritzaren aurkako jazarpenari". Azkenik, "jarduera politikoa judizializatzeko joerari buruzko 2021eko martxoaren 3ko osoko bilkuran onetsitako 13/2021 Ebazpena berresten dute".