Zubietako erraustegia

Erraustegitik Nafarroara bidalitako hondakinei lotutako agerraldi eskaera Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 13a, 13:54

Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako lixibiatuen auzia Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean hartuko dute ahotan, ostiralean.

Urte amaieran jakin zenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoako konpostatze plantara lixiabiatuak garraitzen aritu dira. Berriki, hango gobernuko ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik planta hau behin-behinean itxi behar izan zuela berri eman zuen, “besteak beste, Zubietako instalazioetatik kode okerrarekin bidalitako hondakinak baimenik gabe hartzeagatik”. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duen Euskal Herria Bilduren taldeak Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiren agerraldia eskatu du, “Zubietako plantatik Artaxoako plantara bidalitako hondakinen eta berauen kudeaketaren inguruan azalpenak eman ditzan”.

Izan ere, EHBilduk agerraldi eskaera hau argudiatzerakoan nabarmendu duenez, "lehenik idatzizko galderei emandako erantzun batean eta berriki agerraldi batean Nafarroako Parlamentuan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilariak adierazi du Artaxoako planta behin-behinean itxi behar izan duela, besteak beste, Zubietako instalazioetatik "kode okerrarekin" bidalitako hondakinak baimenik gabe hartzeagatik".

Horregatik, zuzentzen zatzaio EHBildu Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeko lehendakariari, lerrootan mintzagai dugun agerraldia antola dezan eta bertan, agerraldira deitua dagoen kontseilariak "Zubietako instalazioetatik Artaxoakoetara bidalitako hondakinen kudeaketa argitu dezan".

Agerraldi eskaera hau mintzagai izango dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako datorren Jasangarritasun Batzordean. Batzarde hau, ostiralean, otsailaren 16an bilduko da. Eguerdiko 12:00etan hasiko duten saioa zuzenean jarraitu ahalko da Batzar Nagusien web orrialdetik.

Hainbat hedabideek hilabete amaieran berri eman zutenez, Zubietako erraustegiko hondakin lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa hau kautelaz itxi egin zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen sailak. Hainbat ikerketa eta ikuskapenen ondotik, berri eman zutenez, 5.500 tona lixibiatu garraiatu dira erraustegitik Ecofert Sansoain SM lantegira. Tuterako beste enpresa batetik beste 9.000 tona jaso omen dituzte eta horregatik guztiagatik, 110.000 euroko isunak jarri zaizkie. 


Hizpide gehiagotan
Azken aldian, gehiagotan hizpide izan dute Zubietako erraustegia, besteak beste, lerrootan aipatu dugun gaiaren harira. Erraustegitik Nafarroako Artaxoara garraiatutako hondakinak hizpide izan zituzten urtarrila hasieran, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EHBilduk Jose Ignacio Asensio foru diputatuari eginiko interpelazioaren bidez.

Horrez gain
, Zubieta gaineko hondakinen tratamendu planten sare horretan hidrogeno berdea ekoizteko proiektua eta urteotako mantentze lanen azpikontratazioa hizpide izan zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak urtarrilaren 29an egindako bilkuran.