2. Ibai-Ondo Backyard

44 itzuliren ostean, Meltxor Iza nagusitu da Santueneako erronkan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

Ia 300 kilometro egin ostean, goizaldeko 5:00etan amaitu da larunbat goizeko 8:00etan hasitako Santueneako 2. Ibai-Ondo Backyard erronka. Meltxor Iza nagusitu da, 44 itzuli eman ostean auzoa, Atallu eta Txokoalde lotutako 6,7 kilometroko ibilbideari.

Argitu da nor nagusitu den, larunbat goizeko 8:00etan hasi eta amaiera jakinik ez zuen Santueneako 2. Ibai-Ondo Backyard erronkako irabazlea. 44 itzuli eta 295 kilometro pasatxoko ibilbidea egin ostean, Meltxor Iza izan da bigarren edizio honetan nagusitu dena.

Gogoan izan, atzo arratsaldeko 20:00etatik hirutik bira murriztu zen oraindik erronkan jarraitzen zuten partaide kopurua. Ekimena ordutik, buruz burukoan bilakatu da. Meltxor Iza eta berarekin Igon Mancisidor aritu dira astelehen goizaldera arte, etenik gabe, Santuenea, Atallu eta Txokoalde lotzen dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatzen. Mancisidorrek 43 itzuli eman eta 288 kilometro egin ostean amaitu du ekimena, astelehen goizaldeko 4:00etan. Aurtengo erronkako txapeldunordea dugu, iaz bezalaxe.

Azken partaideak, beste itzuli bat eman behar izaten du, edizioko txapelduna izateko. Hala egin du Izak eta 44 bira eman ostean, amaitu da aurtengoz, larunbat goizeko 8:00etan hasitako Santueneako ekimena.

50 orduetara iristeko jarria zen erronkara heltzeko sei bat bira baino ez dira falta izan. Halere, Ibai-Ondo Backyard probako marka hautsi dute biek. Izan ere, gogoan izan, iaz jokatu zen ekimen berri horren estreinako edizioa. Orduko hartan, Imanol Aleson nagusitu zen. 41 itzuli eman zizkion Santuenea, Txokoalde eta Atallu arteko 6,7 kilometroko ibilbideari. 275 kilometroko bidea osatu zuen.

Datuokin, zalantza izpirik gabe, merezitako atsedenaldia hartzeko unea dute orain parte hartzaileek eta baita antolatzaileek ere. Izan ere, 44 orduko iraupena izandako erronka aldez aurretik prestatu nahiz tarte horretan behar bezala erantzuteko auzolan itzela egin dute Santuenean. Girotzerik ere ez da falta izan. Bigarren urtez, ikusmina eragin du erronka honek.