#covid19

Covid19-rik izango ez balitz, Kantu Taldeak gaur ekingo zion ikasturte berriari

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 11a, 12:25

Zoriontzeko eguna behar luke gaurkoak, baina pandemiak haien jarduna eten zuen iragan martxoan. Zoritxarreko covid19a gure artera heldu izan ez balitz, jada 12 urte bete dituen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak astelehen honetan ekingo zion 13. ikasturteari. Eusko Jaurlaritzak gaur (urtarrilak 11) pandemiari aurre egiteko iragarri duen neurri multzo berriari erreparatuz gero, aldaketarik ez; musika entseguekin bertan behera utzi dituzte, eta kantu taldeek duten jarduera ere etenda segiko du.

Hileroko azken larunbatetan isilpean ditugu herriko kaleak, asteleheneroko entsegu saioen lokalaren antzera. 10 hilabetez pandemiaren eraginpean garen honetan, iazko martxoan koronabirusak jarduna guztiz eten zion Usurbilgo Euskal Kantu Taldeari. 

Azkenekoz, konfinamendu aurreko asteetan entzun genituen; Zubietako erraustegia geratzeko 2020ko otsailaren 29an Donostiako kaleak zeharkatu eta milaka herritar bildu zituen manifestazioa hasi aurreko tartean, Easo plazako kioskoan. Ordukoa duzue albiste honi atxikitako bideoa. Hura ere otsaileko azken larunbata zen, herria euskal kantu giroz blaitzeko eguna. Eguerdi hartan finkatu ahal izan zuten azkenekoz Usurbilgo kaleetan barrena kantuzaletasuna hedatzen segitzeko hitzordua. Azkena izango zela jakin gabe noski.

Ezin entseatu, ezin kalejirarik egin
Ordutik aipatu moduan, etenda dute jarduera. Covid19-aren hedapena gutxiagotzeko neurri murriztaileek, kantuan aritzeko entseguak egitea eragotzi dute hamar hilabeteotan baita kantuz girotutako kalejirak ere. Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan (urtarrilak 13) aurkeztu duen neurri multzoan ez dago aldaketarik. Ezin entseatu, ezin kalean abesten ibili. Covid19ak ekarri digun beste galeretako bat honakoa.

Astelehen honetan gogora ekarri nahi izan dugu Usurbilgo Euskal Kantu Taldea; pandemiarik izango ez bagenu, gaur bertan ekingo ziolako ikasturte berriari. Astelehen arratsaldeetan biltzen ziren Udarregi Ikastolako musika gelan. Hilero azken larunbatetan kalez kale kantuan aritzen ziren Jaione Eskuderoren gidaritzapean. Eta herrian antolatutako beste hainbat ekimen ere girotu zituen Kantu Taldeak; prestutasun handiko herri eragilean bilakatua zen.

2019an bilguneak 10 urte bete zituenean elkarrizketatu zuen NOAUA!k taldea. Hamarkada oso bateko ibilbide emankorraren errepasoa egin ziguten. Hemen duzue irakurgai: "10 urte, kantu zaletasuna landu eta plazaratzen"